"Giza eskubideak bermatu arte, ez da bakerik izango Kolonbian"

  • "Errebolta" akusaziopean, bi urte eta erdi egin zituzten kartzelan Chelo Rinconek eta Armando Valbuenak; espetxealdiaren osteko jazarpenagatik, Euskal Herrira heldu ziren duela hamasei urte.

Chelo Rincon eta Armando Valbuena. (Argazkia: A. Amenabar)

2016ko urriaren 26an - 09:24

Kolonbiako Gobernuak eta FARC gerrillak elkarrizketak hastea erabaki zutenetik,  negoziazioan "hanka" bat falta izan dela uste dute Chelo Rinconek (Bucaramanga, 1950) eta Armando Valbuenak (Bucaramanga, 1955); gizarte eragileei entzutea falta izan da, euren ustez. Duela hamasei urte Kolonbia atzean utzi eta errefuxiatu moduan heldu ziren Euskal Herrira, Otxandiora (Bizkaia) lehenago, eta Gasteizera gero. Bertatik, euren herrialdean abiatu duten Bakerako Mahai Sozialarekin bat egin dute, alde guztiak batzeko "giltza" izan daitekeena.

Noiz erabaki zenuten Kolonbia utzi eta Euskal Herrira etortzea?

Armando Valbuena: Sekula ez genuen pentsatu Kolonbia uztea. Kartzelan 30 hilabete egin genituen eta handik ateratzean Herritarren Defentsoreak esan zigun ezin genuela bertan jarraitu, paramilitarrek hilko gintuztela. Eta haren laguntzarekin atera ginen handik.

Chelo Rincon: Kartzelatik atera eta hiru egunez ezkutuan izan ginen eta handik Bogotara jo genuen. Hiri handiago batean askeago ibiliko ginela uste genuen eta aita klaretianoen seminario batean izan ginen tarte batez, Cazuca auzoan irakasle modura lanean, beti seminaristen laguntzarekin. Baina jazarpena etengabekoa zen, eta 2001eko uztailaren 15ean ni bahitzen saiatu ziren paramilitarrak, justu-justu ihes egitea lortu nuen... hiria zeharkatu ondoren Dann hotelean babestea lortu nuen, internazionalisten konferentzia bat egiten ari zirela. Handik monasterio batera eraman ninduten.

A.Valbuena: Kolonbiako Barne ministroak  horren berri izan zuen eta argi esan zigun: "Hilko zaituztete eta guk ezingo dugu ezer egin". Blindatua, txalekoak eta seguritatea eskaini zizkiguten baina guk ezin genuen hori onartu. Ez genuen horrela ibili nahi. Handik hilabete batera utzi genuen herrialdea; biletea joan-etorrikoa atera genuen, handik urtebetera bueltatuko ginelakoan, eta zazpi igaro ziren lehen aldiz bueltatu ginen arte. Mugara arte joan ginen bakarrik, Venezuelatik, eta hantxe elkartu ginen familiarekin. Hiru aldiz egon gara ordutik eta berriro joango gara azaroan, baina beldur handiarekin, egia esan; hango albiste eta mezuak irakurtzen ari gara eta egoera ez da batere erraza, Herrien Kongresuko lagun ugari daude mehatxupean.

"Matxinatzeagatik" espetxeratu zintuzteten.

C. Rincon: "Errebolta" egitea akusatu ziguten, ELN gerrillaren kolaboratzaile eta ideologo izatea. Horretarako lekuko eta proba faltsuak eraman zituzten.

Nolakoak izan ziren kartzelako hilabete haiek?

C. Rincon: Giza eskubideen alde lanean ari ginen aurretik, eta horregatik babes modukoa genuen; ez genuen tratu txarrik jasan. Estatuko Defentsorea eta Gurutze Gorriaren babesa genuen, sarritan kartzelara bisitan etortzen zirenak, eta herrialde mailan ere babes zabala jaso genuen, sindikatu eta gizarte eragile askoren aldetik. Gurekin batera giza eskubideen alde lanean ari ziren Javier Marin eta Yolanda Maya ere espetxeratu zituzten, eta ugari izan ziren lauak askatzeko egin zituzten mobilizazioak.  

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 79. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbia
Gure “Mona Lisa” iraultzailea

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz... [+]


FARCeko disidentzia talde nagusiak iragarri du Gobernuarekin bilduko dela Norvegian

Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.


Kolonbiako presidenteordeari lehergailuak jarri dizkiote etxe alboan

Francia Márquez presidenteordearen etxe inguruan zazpi kilo lehergailu arukitu dituzte, eta ondorioztatu dute bere aurkako atentatu saiakera bat zela. Márquezek bere ibilbide militante eta instituzionalean eraso eta mehatxu andana jaso ditu.


2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


Eguneraketa berriak daude