argia.eus
INPRIMATU
Giza-entzierroa Iruñean zezenketen kontra
  • Urtero 48 zezen hiltzen dituzte Iruñeko Sanferminetako zezenketetan. Animaliek pairatzen duten tortura eta sufrimendua salatzeko AnimaNatulis GKEak eta PETAk protesta deitu dute larunbatean 11:00etan Iruñeko udaletxearen aurrean.

Judith Perez @judyjudd 2014ko uztailaren 04a
AnimaNatulis eta PETA 14. urtez aterako dira kalera Iruñean zezenen eskubideen alde. Irudian, 2013ko protesta (argazkia: www.petalatino.com)

Deitzaileek azaldu dutenez, Sanferminetako entzierro bat irudikatuko dute, baina zezenen ordez 6 gizon eta emakume biluzik jarriko dituzte korrika.

Euskal Herriaz gain, Espainiako eta Frantziako Estatuetatik edo Ingalaterratik ere etorriko dira aktibistak protesta egitera. Guztira 100 lagun baino gehiago biltzea espero dute.

AnimaNatuliek eta PETAk hamalau urte daramatzate protesta egiten Iruñeko Sanferminetan. Beraien helburua jendea zezenen lekuan jartzea dela adierazi dute. “Egunero sei zezen torturatu eta justifikaziorik gabe hilko dituzte”, salatu du Aida Gascón AnimaNaturalis erakundeko zuzendariak. 

Zezenketak, gutxi batzuen “afizio” finantziatua

Espainiako Estatuan zezenetarako dagoen zaletasunari buruzko ikerketa baten arabera, biztanleriaren %9,7ak baino ez du interesik zezenketekin. Hala ere, tauromakiak urtero 564 milioi euro baino gehiago jasotzen ditu Moncloaren eskuetatik, 47 euro familia bakoitzeko.