argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoan Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzak kentzeko erabakiak kritikak eragin ditu
  • Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzak (DBL) kenduko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018ko abenduaren 31n. Asteartean iragarri du erabakia Gizarte Politikako legebiltzarkide Maite Peñak. Bere esanetan, “migrazio isuri artifiziala” eragin du DBLk eta ez du onuradunak gizarteratzen laguntzeko hasierako helburua bete.

Iker Oñate Aiastui @iker_onate 2016ko apirilaren 13a
Asteartean iragarri du erabakia Gizarte Politikako legebiltzarkide Maite Peñak (Arg: EAJ)

Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzak kentzeko erabakiak erreakzioak eragin ditu. Gipuzkoan esklusioa haziko dela salatu du EH Bilduko Ernesto Merinok: “Murrizketa bortitza da; familia ahulenak, behartsuenak, bazterrean lagako ditu Diputazioak. Desberdintasuna eta pobrezia areagotuko da”.

Gogorarazi du Gipuzkoako 1.422 “familia pobrek” jasotzen dutela DBL eta horietako 700 haurrak direla. Gipuzkoako Foru Aldundiaren kudeaketa kritikatu du Merinok. “Lotsagarriena da Gobernuak murrizketa sozialak egiten dituen bitartean, aberatsenei zergak jaisten dizkiela”, dio.

Bere aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakia salatu du LAB sindikatuak, eta “behar dutenei” diru-laguntzak mantentzea exijitu du: “Pentsa dezatela pertsonengan, egin dezatela lan guztiak laguntzeko eta laguntza sozialetan ezarritako murrizketak indargabetu ditzatela”.

Juantxo Iturria Gipuzkoako Podemos-Ahal duguko bozeramaileak “politika sozialen alorrean emaniko atzera pauso” gisa hartu du erabakia: “Javier Marotoren diskurtso xenofoboarekiko antzekotasun arriskutsuak atzeman ditzakegu Diputazioak atzerritarren presentziaren inguruan eginiko irakurketan”. Azaldu du “penagarria” dela politika sozialen aurka jardutea, Espainiako Estatuaren aurrean aitzindari gisa agertzen den bitartean.

Sarean ere erreakzioak eragin ditu Maite Peñaren iragarpenak: