Kaleratzeak Stop plataformak emandako datuen arabera euren laguntza juridikoari esker lurralde horretako 16 familiak ez du etxebizitza galduko.
Etxegabetzeen kontra aritzen den Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak 2015eko balantzea egin du ostegun goizean prentsaurrean. Plataformatik jakinarazi dutenez, iaz 2 etxegabetze eragotzi zituzten eta 10 enkate bertan behera geratu ziren herritarren mobilizazioengatik.
Beste 16 familiak jasotako laguntza juridikoari esker, bestalde, ez dute euren etxebizitza galduko eta 30 inguru izan ziren 2015ean plataforma horren bidez hartzekodunekin maileguak berregituratu eta etxea alokairu sozial batekin mantentzea lortu duten familiak.
“Enkanteak eta kaleratzeak bertan behera uztea edo finantza erakundeekin akordioak erdiestea ez ezik, mailegu hipotekarioetan txertatutako hainbat abusuzko klausula baliogabe deklaratzen dituzten sententzia aitzindariak lortu ditugu”, azaldu dute plataformatik.
Hego Euskal Herrian 638 etxegabetze
Espainiako Estatistika Institutuak 2015ean izandako etxegabetzeen datuak (pdf) eman berri ditu. Horren arabera, Hego Euskal Herrian 638 etxegabetze izan ziren iaz. Estatu osoan izandako etxegabetzeen %0,32 baino ez da. Espainiako Estatuan, orotara, 59.802 etxegabetze izan ziren 2015ean.