argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako SOS Arrazakeriak “Bizilagunak” ekimena antolatu du, ‘on line’ bidez
  • Hurbilketa, elkartzea eta elkar ezagutza sustatzeko modu berriak ezartzea da "Bizilagunak" ekimenaren zazpigarren edizioaren abiapuntua. Azaroaren 29an hasiko da 17:00etan Gipuzkoa Solidarioa galarekin. Aurtengo edizioa 'on line' bidez jarraitu beharko da. 

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 10

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak "Bizilagunak" ekimenaren zazpigarren edizioa antolatu du, datorren azaroaren 29tik aurrera egingo dena. Familia autoktonoak eta migratzaileak biltzen ditu mahai inguru batean, eta, oraingoan, pandemiak eragindako egoera dela eta, 'on line' formatu bidez jarraitu beharrekoa izango da. Hurbilketa, elkartzea eta elkar ezagutza sustatzeko modu berriak ezartzea du helburu Gipuzkoako SOS Arrazakeriak. Horrela, "Bizilagunak" osatzen duten familia autoktonoen eta migratzaileen arteko harremana sustatzen jarraituko du, 'on line' edo telefonoz, "auzotartasunetik abiatuta elkartzeko eta elkarri laguntzeko harremanak suspertzeko, are gehiago zailtasun-uneetan".

Migratzaileen ahotsak eta beharrak

Zazpigarren edizioa osatuko duen ekimenaren abiapuntua, azken urteetan proiektuan parte hartu duten migratzaileen ahotsak eta beharrak entzutea da, baina, baita normaltasun berriak planteatzen dituen baldintza berriak entzutea ere. Horren harira, Gobernuz Kanpoko Erakundeak zehaztu duenez, "Bizilagunak"-en parte hartzen zuten migratzaileek konfinamenduan eta deseskaladan zituzten zailtasun eta beharrizan nagusiei buruzko diagnosia egin du, elkarrizketa sakonen bidez.

Datorren azaroaren 29an hasiko da ekitaldia, 17:00etan Gipuzkoa Solidarioa galarekin. Gipuzkoa SOS Arrazakeriaren sare sozialetan, Youtubeko kanalean, Facebooken eta Instagramen emandako zuzeneko baten bidez jarraitu ahal izango da aurtengo edizioa. Errenteriako alkate Aizpea Otaegi Mitxelenak, Jon Maia bertsolariak eta Nora Ugarteburu abokatuak parte hartuko dute, besteak beste.