argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako metalgintzako negoziazioan, urratsik ez
  • Bosgarren bilera egin dute gaur sindikatuek ADEGI enpresarien elkarteko ordezkariekin Gipuzkoako metaleko lan-hitzarmen aren inguruan.  Sindikatuak ezkor azaldu dira: ELAren esanetan ez da aurrerapenik izan, eta LABek langileak “aktibatu eta antolatzea” beharrezkotzat jo du.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 16a
LABek elkarretaratzea egin du ADEGIren egoitza aurrean, Donostian (arg.: LAB)

Uztailean azkeneko bilera egin zutenetik ADEGIk ez du proposamen berririk eman 2011tik indarraldia galdurik duen Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena berritzeko, sindikatuek azaldu dutenez. Hala, patronalaren eskaintzak bere horretan jarraitzen du, nagusiena, soldata igoera KPIren arabera izatea eta 2012-2019 epeen arteko taulak %8,8 igotzea, beste hainbat neurrirekin batera.

ELAk eskaintza horretan aurrerapausoa ikusi zuen arren, “ez zen nahikoa” eta, besteak beste, subrogazio-eskubideari heltzea beharrezkoa dela adierazi die berriz ere ADEGIko ordezkariei, baita azpikontrataturiko langileei “egonkortasuna” ematea ere. Zentzu horretan, sindikatuak ezinbesteko ikusi du hurrengo bileran –irailaren 25ean– patronalak gai horiek jorratzea.

Ezkorrago azaldu da LAB. Bere esanetan, ADEGIk “garbi utzi du “hurrengo urteetarako KPIaren soldata-igoera soilik eskaintzeko prest dagoela”. Sindikatu abertzalearen ustez egoera “negargarria” da eta ELAri ere kritika egin dio ABLEen inguruko “hasierako planteamendua jaitsi” duelako, bere esanetan.

Hala, LABek beharrezko ikusi du langileak “antolatzea eta aktibatzea ADEGIk bere proposamenak hobetu ditzan”, eta hain zuzen enpresarien elkartearen egoitza aurrean elkarretaratzea egin du “hitzarmen duina” eskatzeko.

Gipuzkoako metalgintza sektorean 35.000 lagun inguru biltzen dira eta langile gehien eragiten dien lurraldeko hitzarmen kolektiboa handiena ari dira negoziatzen.