Gipuzkoako mankomunitateen era. Zubietako errauste plantak pitzadura berria izan lezake

  • Bilduk Gipuzkoan izandako emaitzak zeresan handia ematen ari dira, batez ere orain arteko makroproiektuak kolokan jar ditzaketelako. Hondakinen kudeaketa eredua aipatzen da gehien, errauskailuari moratoria eskatzen dutenak gailendu baitaitezke mankomunitateetan. Hala al da? Egin ditzagun kontuak.


2011ko ekainaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03

"Zortzi mankomunitateetatik zazpi kontrola ditzake Bilduk Gipuzkoan”. EFE informazio agentziak bidalitako prentsa oharra bizkor zabaldu zen hauteskundeen ondorengo egunetan hainbat egunkari eta irratiko iritziemaileen bidez. Oharrak dio Bilduren kontrola “gerarazteko” modu bakarra EAJ, PSE eta PPren arteko ituna dela. Dena den, mankomunitate bakoitzean ordezkaritza nola aukeratzen den aztertuz gero, eta aurreko legealdian EAJk eta PSEk hartu zituzten konpromisoak ikusita, ez dirudi errauskailuaren kontrakoek erakunde horien gehiengoa eskuratzea hain erraza izango dutenik:

- Udal hauteskundeen ondoren, mankomunitateen egoera politikoa erabat aldatu da zenbait kasutan. Debagoieneko Mankomunitatean, Urola Erdialdekoan eta Tolosaldekoan errauskailuaren kontrakoek gehiengo osoa dute, herri nagusietan ezezik (Arrasate, Tolosa, Azpeitia, Bergara…) herri ertain eta txiki gehienetan nagusitu dira.

- Urola Kostan lehiak estua dirudi mankomunitatearen kontrolerako. Bertoko estatutuek diote udal guztietako zinegotzi guztiek osatuko dutela Batzar Nagusia, mankomunitatearen organo erabakigarriena. Errauskailuaren aldekoek 33 zinegotzi atera dituzte (EAJk 28, PSEk 4 eta PPk 1), errauskailuari moratoria jartzearen aldekoek berriz 34 zinegotzi (Bilduk 30 eta Aralarrek 4). Orioko Orain plataformaren 2 zinegotzi geratzen dira tartean, haien iritzia errauskailuarekiko zein den ez dute publikoki azaldu.

- Sasieta Mankomunitatean zailagoa da jakitea zer gertatuko den. Goierri inguruko 22 udalerrik osatzen dute entitatea eta horietako bakoitzak ordezkari bat du mankomunitatean, horrez gain, 5.000 biztanle gainditzen dituzten udalerriek beste ordezkari bana dute. Gauzak horrela, Beasainen, Zumarragan eta Urretxun errauskailuaren aldekoak nagusituko direla dirudi (Urretxuren kasuan EAJk PSErekin eta H1!-ekin paktatuz gero), bakoitza bina ordezkarirekin. Horrez gain Idiazabal eta Zegaman ere alderdi horien ildoko plataformek irabazi dute. Beraz: 8 ordezkari errauskailuaren aldekoek. Moratoria eskatzen dutenek Ataun, Itsasondo, Lazkao (2 ordezkari), Legazpi (2 ordezkari), Legorreta, Ordizia (2 ordezkari), Segura eta Zaldibia dituzte. Beraz: 11 ordezkari. Baina mankomunitateko gainerako zortzi udalerritan independenteak aurkeztu dira, zein ote da horien iritzia?

- Debabarreneko Mankomunitatean ez dago zalantzarik, PSE eta EAJ atera dira garaile herri nagusietan (Eibar, Ermua eta Elgoibar) eta 10 ordezkari izan ditzakete mankomunitatearen organo nagusian. Bilduk aldiz 5 izango ditu. Beraz, sorpresarik ez bada Debabarrenak errauskailuaren alde egingo du.

- Txingudiko Mankomunitatea ere PSEren (Irunen) eta EAJren (Hondarribian) esku geratu da.

- Bukatzeko, San Marko Mankomunitatea dago, Gipuzkoako populatuena. San Markon 157 boto daude jokoan, biztanleriaren arabera banatuak: Donostiak 47; Errenteriak 17; Hernanik, Lasartek eta Pasaiak 13; Oiartzunek, Usurbilek, Lezok eta Urnietak 11; eta Astigarragak 10. Bilduk gehiengo osoa lortu duen udalerriekin 69 boto dauzka eta 10 boto falta zaizkio San Markoren kontrola eskuratzeko (79 boto). Donostian eta Errenterian Bilduk irabazi du, baina errauskailuaren aldekoak (PSE, EAJ eta PP) San Markoren ordezkaritza erabakitzeko udal plenoetan batuz gero, gehiengo dira, Urnietan eta Lasarten bezalaxe.

Partzuergoaren kontrola

Zubietako proiektu “estrategikoa” Hondakinen Partzuergoaren bidez bultzatu izan dute errausketaren aldekoek. Partzuergoa mankomunitateek eta Aldundiak osatzen dute. Mankomunitate bakoitzak partzuergoan duen ordezkaritza biztanleriaren araberakoa da (ikusi taula), aldiz, Aldundiak berea du erakundearen %33a, Garapen Iraunkorreko diputatuak ordezkaturik.

Beraz, moratoria eskatzen duten indarrek Partzuergoko ordezkaritzaren %14 daukate soilik segurtatuta. Urola Kostan eta Sasietan balantza haien alde jarriz gero %24 edukiko lukete. Bistan da San Marko eta Aldundia direla klabeak Partzuergoa kontrolatzeko. Hortaz, errauste plantaren aldekoek (EAJ, PSE eta PP) derrigorrez paktatu beharra dute, batzuetan biren artean (Errenterian, Urnietan eta Lasarten EAJ eta PSE nahikoa dira) eta bestetan hiruren artean (Donostian PPren babesa ere behar dute).

Ez du erraza ematen errauskailuaren kontrakoek Hondakinen Partzuergoan agindu ahal izatea. Errausketaren aldeko alderdi nagusiak hasi dira jada posizioak hartzen “proiektu estrategikoen”, “Gipuzkoako aurrerapenaren” eta bestelako argudioen izenean. PSEk eta PPk oso garbi dute, EAJk ez hainbeste: “Nola gobernatu liteke 58 udalerriren oposizioa izango duen koordinazio erakunde bat?” Galdetzen zuen Txema Monterok Onda Vascan egindako elkarrizketan. Beste aldundietan eta hiriburuetan zer negoziatuko ikusteke dago gainera.

Gauzak horrela, Noticias de Gipuzkoak argitu duenez EAJ eta PSEk hauteskundeen aurretik hitzarturik zuten Gipuzkoako proiektu handiei babesa ematea bozketaren emaitzak zer nolakoak izanda ere. Hitzarmen horrekin jarraitzea erabakitzen badute, kontsigna oso zorrotzak igorri beharko dizkiete beren zinegotziei, udal plenoetan inolako sorpresarik egon ez dadin; zenbaki horiekin nahikoa baita “disidentzia” txiki bat euren asmoak pikutara joateko –joan den legealdian Odon Elorzak EBrekin paktatu zuen, San Markoren kon­trolerako giltza emanez–.

Erraustegia “behetik gora” gelditu

Dena den, errauste planta “goitik behera” geraraztea zaila dirudien arren, “behetik gora” gerarazteko aukera inoiz baina handiagoa da. Atez ateko zabor bilketa indarturik atera da egunotan bi arrazoirengatik: Bat, atez atekoa ezarri duten udalerrietan (Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan) erreferendum modura hartu dira udal hauteskundeak eta aldekoek garaipen itzela lortu dute. Bi, hauteskundeen bezperan EAEko Auzitegi Gorenak ebazpena kaleratu zuen, Hernanik atez ateko sistemarekin jarraitu dezakeela esanez.

Datorren legealdian, Bilduk gehiengo osoa lortu duen herrietan atez ateko zabor bilketa ezartzen badute, Zubietako errauskailuari asko konplikatuko zaizkio kontuak. Errauskailuak 260.000 tona zabor erretzeko gaitasuna izango du, baina Gipuzkoan atez atekoa zabalduz gero ez dirudi horren erdira ere iritsiko denik. Prest egongo al dira hain errentagarritasun gutxiko lantegia martxan jartzeko?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzuola
2024-03-25 | Garazi Zabaleta
Hazien liburutegia
Liburuak eta haziak, aberastasun publiko

Urteak dira Nafarroan eta beste zenbait tokitan hazien liburutegi proiektuak martxan dituztela. Hazien liburutegiak, liburuen liburutegietan. Euskal Herriko Hazien Sareak antolatutako hitzaldi batean izan zuen egitasmo horien berri Ane Leturia Delfrade Antzuolako liburuzainak,... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Antzuolan 200 metroko haize errota irudikatu dute giza katean

Irimo mendian Cilda Energy SLU enpresak 200 metroko bi haize errota ezarri nahi ditu, Trekutz izeneko proiektuaren baitan. Dimentsioaz jabetzeko giza katea egin dute Antzuolan otsailaren 25ean, Meaka-Irimo herri plataformak deituta "berriztagarriak bai, horrela ez!"... [+]


2024-02-08 | ARGIA
Meaka-Irimo herri plataformak milaka alegazio aurkeztu ditu eta aerosorgailuen tamaina irudikatuko du herrian

Meaka-Irimo herri plataformak 3.022 alegazio aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzako Industria sailean, "Trekutz" izeneko proiektuaren aurka. Zera adierazi du: "Meaka-Irimo herri plataforman energia berriztagarriak behar-beharrezkoak direla argi dugu, baina ezin dira... [+]


Eskuz idatzita

Begi aurrean duzun hau eskuz dago idatzita, irakurle. Ordenagailuz idazten ditut normalean hemengoak, baina gaur gorputzak halaxe agindu dit, behar duela hemen bere arrastoa utzi, bere nekearen eta ezinen berri eman. Eta nor naiz ni gorputzari kontra egiteko, berak ere sufritzen... [+]


2023-11-06 | Estitxu Eizagirre
"Hausnarrean" liburuaren aurkezpenak Antzuolan, Urruñan eta hamar herritan

Josebe Blancok Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburua kaleratu du ARGIAko Bizi Baratzea sailean. Berau aurkezteko lehen hitzaldia azaroaren 7an Antzuolan emango du, artzaina artaldearekin bizi den Pikunieta baserria kokatuta dagoen udalerrian. Maria Eugenia Irazabalekin... [+]


Eguneraketa berriak daude