argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Gizarte-Asanbladak dei egin du DSBEren murrizketa arriskuari aurre egiteko

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2018ko martxoaren 19a

Martxoaren 19an Donostian agerraldia egin du eratu berri den Gipuzkoako Gizarte-Asanbladak. Talde hauek osatzen dute: Lanbidek Kaltetutakoen Plataforma, Kaleratzeak Stop, Duintasuna, SOS Arrazakeria, Erletxea, Prekarietatearen kontrako Korrika...

Manifestuarekin bat egin eta mobilizazioak deitu ditu Gipuzkoako Gizarte-Asanbladak

Prentsaurreko honetan bat egin dute martxoaren 14an Bilbon ehundik gora gizarte eragilek aurkeztu zuten Pobrezia eta bazterketarik gabeko herri baten alde manifestuarekin eta mobilizazio hauek iragarri dituzte Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren Legearen erreformak ekar ditzakeen murrizketei aurre egiteko:

- Martxoaren 21ean Bilbon: 10:30ean elkarretaratzea Jaurlaritzaren Bilboko egoitza aurrean (Gran Via 85). Bertan, manifestua Iñigo Urkullu lehendakariari eta Beatriz Artolazabal Enplegu arduradunari bidaliko diete, Eusko Jauralitzaren "Zuzenean" zerbitzuaren bidez.

- Martxoaren 23an Donostian: 18:30ean elkarretaratzea eta giza-katea San Martzial kaleko Lanbide paretik Andia Kaleko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino.

Gehiengo soziala sortzen "DSBEn murrizketak saihesteko"

Gipuzkoako Gizarte-Asanbladak prentsarako oharrean azaldu du pobreziak eta bazterkeriak mila aurpegi dituztela: "Pentsiodunak (alargunak, batez ere), guraso bakarreko familiak (emakumeak batez ere), langile prekarioak, langabezian dauden gazteak, utzarazpenak, bankuek egindako iruzurrak...". Kolektibo horiek denak ditu oinarri Gipuzkoako Gizarte-Asanbladak: "Honen bidez gehiengo soziala sortzen ari gara Eusko Jaurlaritzak  DSBEn iragarritako murrizketak saihesteko".