argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak egingo dituzte Beasainen
  • Martxoaren 16, 17 eta 18an egingo dituzte Gipuzkoako gaztetxe eta gazte asanbladen arteko topaketak. "Osotasun kapitalistari organismo berri bat kontrajartzeko" asmoz elkartuko dira parte hartzaileak Beasainen.

Topatu.eus @topatu_eus 2018ko otsailaren 20a

Aurreko urtean Iruñean burutu ziren Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen III.topaketak. Jarraipena emateko asmoz, abenduaz geroztik harreman espazio bat sortzeko beharra ikusi dute Gipuzkoako gaztetxe eta gazte asanbladetako kideek. 

Hilabeteko lanaren ostean, Beasainen ezarri dute hitzordua. Hiru egunetako topaketak antolatu dituzte, gazte asanbladak zein gaztetxeak birpentsatzen dabiltzala aitortuz; besteak beste, gaztetxeen funtzionamenduaz eta antolakuntzaz arituko dira egun horietan. Horrez gain, Euskal Herriko zein atzerriko proiektuak ezagutuko dituzte bertan, baita "ahalmen eta botere propioen" inguruko tailerrak ere. 

Aldarrikapenerako tartea ere izango da topaketetan; hain zuzen, “Gaztetxeetako kideak aske, ogi gogorrari hagin zorrotza” lelopean errepresioaren aurkako manifestazioa egingo dute jardunaldien barruan.

Elkar ezagutu eta anitzak diren errealitateak elkarbanatzeko aukera sortu nahi dute topaketetan; izan ere, "herriz herri eta auzoz auzo erritmo desberdin eta hamaika errealitate daudela jakinda, elkar elikatzeko aukera bikaina dela" adierazi dute. 

Datozen asteetan aurkezpenak egingo dituzte eskualdeetako herri eta auzoetan, topaketen inguruko informazio zehatza emateko. Aurkezpenetarako bertaratzeko deia egin diete herritarrei, proposamenak jaso eta eztabaidatzeko aukera egongo dela esanez. Azkenik, lo egiteko lekua eta otorduak eskainiko direla gaineratu dute. 

 

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.