argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Fracking Ez martxan, lurraldearen %40 uki dezakeen arazoaren aurrean
  • Gipuzkoako Fracking Ez taldeak bere burua aurkeztuko du otsailaren 26an, arratsaldeko 19:00etan, Donostiako Kortxoenea gaztetxean egingo den ekitaldian.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko otsailaren 26a
Hidrokarburoak bilatzeko lehorreko baimen-eremuak Hego Euskal Herrian. Gipuzkoari dagozkionak 8 (Sustraia) eta 9 (Landarre) zenbakidunak dira. (Iturria: Espainiako Industria Ministerioa).

Estitxu Villamor plataformako kideak haustura hidraulikoa zertan datzan eta zer ondorio dituen azalduko du. Halaber, Gipuzkoan eskatuta dauden hidrokarburoen ikertze-baimenen berri emango du.

Hidrokarburoak bilatzeko baimen-eremuek Gipuzkoako lurraldearen %40 inguru hartzen dute. Batez ere herrialdearen mendebaldea hartzen dute, baina Tolosalderaino iristen dira.

Bi eremutan daude Gipuzkoako lurrak: Landarre eta Sustrai. Eskariak eginda duden arren, administrazioak ez du momentuz ikerketa hasteko baimenik eman. Eusko Jaurlaritzari dagokio zeregin hori.

Jaurlaritzaren esku

Kontuan izan behar da Jaurlaritza aldi berean dela baimen eskatzaile eta emaile (edo ukatzaile). Izan ere, haren menpeko SHESA sozietate publikoa da bai Landarre bai Sustrai eremuetan hidrokarburoak bilatzeko asmoa duena, Petrichor  kanadarrarekin batera. Heyco estatubatuar konpainiaren barruan dago Petrichor.

SHESA-Petrichor bikoteak Lurra eta Lore eremuetako baimenak ditu eskatuta halaber. Gehienbat Bizkaiko erdialdeko lurrak hartzen dituzte eremuok.

Gipuzkoako udalen laurdena frackingaren aurka

Estitxu Villamorren ostean Mikel Basarte Nafarroako Sustrai Fundazioko kolaboratzaileak hartuko du hitza. Energia eta krisia izeneko hitzaldian, petrolioaren gailurraren nondik norakoak azalduko ditu. Nafarroako Fracking Ez plataformako kidea da Basarte.

Gipuzkoako udalen laurden batek frackingaren aurkako mozioak onartu ditu, eta Batzar Nagusiek herrialdea “frackingez libre” izendatzea onartu zuten iazko ekainean, EAJ ez beste alderdi guztien botoekin.