LAB sindikatuak antolatutako protestaren baitan Foru Aldundiaren egoitzako sarrera hartu dute goizean greban diren langileek, “hitzarmena orain” aldarria bertara eramanez. Arratsaldean, kanporatu egin ditu Ertzaintzak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan sartu eta eserialdiari ekin diote zaharren egoitzetako langileek astearte goizean, konponbidearen alde egitea exijituz. Soldata arrakala gainditzea eta lan baldintzak hobetzea eskatuz, 2018ko irailean ekin zioten protestari, eta ordutik greba egun dezente egin dituzte: 62 ELAk, eta 17 LABek. Azken honek gaurtik maiatzaren 25era arte greba egun gehiago deitu ditu, eta testuinguru horretan abiatu dute eserialdia.
Egoitzan sartzearekin batera gainean izan dituzte segurtasun zaindariak, baina txistu eta sirena hotsez lagunduta, grebalariek eserialdiarekin jarraitu dute.
@LABsindikatua @berria Barruan txistu hotsak ez du etenik. Lurrean eserita Gipuzkoako zahar etxeetako langileak, ia denak andreak. Ia guztiz "feminizitatuta" dago alorra, zaintzarekin guztiz lotua. pic.twitter.com/qgVZuFwFHa
— Arantxa Iraola (@ArantxaIraolaAl) May 21, 2019
Sarrera pixoihalekin ere bete dute, Garako kazetari Ane Urkiri Ansolaren irudietan ikusi daitekeenez:
Aldundia ere pixoihalekin apaintzen ari dira langileak. pic.twitter.com/GuSG5h2Rlg
— Ane Urkiri Ansola (@Ane_Urki) May 21, 2019
Bien bitartean, kanpoan bildu dira zenbait kide, barruan direnei babesa helarazteko. Kanpalekua irudikatu dute egoitzaren aurrealdean, gaua ere bertan pasatzeko prest daudela adierazi baitute.
Kanpoan ere protestan daude langileak. Akanpalekua irudikatu dute. «Pikete feminista» dioten petoekin daude. pic.twitter.com/3vmAZ2d4D1
— Ane Urkiri Ansola (@Ane_Urki) May 21, 2019
Eguerdian bertaratu da Ertzaintza, eta protestaren arduradunak identifikatu ostean bertan jarraitu dute grebalariek. Arratsaldean, baina, protestan ziren kideak kanporatzeari ekin diote ertzainek. Barruan hogei pertsona inguru ziren, eta ertzaintzak hauek identifikatzeari ekin dio, ostean arrastaka kalera ateratzeko. Kanpoan ziren kideek txalo artean hartu dituzte barrutik aterarazi dituztenak.