Atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako jauregiko areto nagusian Espainiako indar polizialek herritarrei eragindako torturen salaketa instituzionalean lehen urratsa eman zuen. Martin Garitano ahaldun nagusia eta Oroimen Historikorako eta Giza Eskubideen zuzendari Marina Bidasoro buru zirela, ehun gonbidaturen aurrean egindako ekitaldiarekin nabarmendu nahi izan zuen Aldundiak lehen urrats hau, Euskal Herriko leku askotan Torturaren kontrako eguna ospatzen den otsailaren 13an.
Bibolin soil batek girotuta, Fito Rodriguez irakasleak eta Itziar Ituño aktoreak irakurri zuten Ariel Dorfman idazle argentinarraren Herio eta dontzeila antzezlanaren pasarte bat, torturatzaile baten eta torturatuaren arteko elkarrizketa gordina.
Ondoren beren esperientzia pertsonalen inguruko zenbait zertzelada kontatu zituzten polizien zanpaketa jasandako hiru pertsona ezagunek: Egunkariako zuzendari zela atxilotu zuten Martxelo Otamendik, 1975an tortura jasan eta tormentuari ihes egin nahian bere burua leihotik behera amildu zuen Agurtzane Juanenak (Esan gabe neukana liburua argitaratuko zuen handik urte askotara) eta 2009an atxilotutakoan jasandako torturak salatu zituen Maialen Eldua gaztea.
Gonbidatuen artean zeuden polizia espainiarren eskuetan hildako zenbait pertsonaren senitartekoak, hala nola Gurutze Iantziren ama eta ahizpa, Mikel Zabaltzaren arrebak, eta beste zenbait.
Prentsak bildu duenez, tartean ziren ere Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea, Eider Mendoza EAJko batzarkidea, Maite Sarasua Aralarrekoa eta Donostiako udal gobernuko hainbat kide, Euskal Memoriako Joxean Agirre, Baketik-eko Pello Sarasola, Itziar Aizpurua, Sabino Ormazabal, LABeko Joxean Urkiola, Juantxo Peñalver historialaria, eta beste hainbait jende.
Ekitaldiaren bukaeran Oroimen Historikorako eta Giza Eskubideen zuzendari Marina Bidasorok irakurri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren deklarazio instituzionala torturaren inguruan eta Martin Garitano ahaldun nagusiaren hitzaldiak eman zion amaiera. Aldundiak ekitaldia grabatu zuen eta jarraian daukazue ikusgai.