argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Eskola Txikiek “bizirik eta indartsu” daudela erakutsi dute Ezkio-Itsasoko festan
  • Ehunka pertsona joan dira jaialdira, haien artean Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, 60 milioi euroko inbertsioa iragarri duena Eskola Txikientzat.

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 10
Ezkio-Itsasoko Eskola Txikien festa. Goierriko Hitza

Eskola Txikiak bizirik lelopean abiatu zuten igandean egun osoko egitaraua: musika kontzertuak, tailerrak, puzgarriak eta ipuin kontaketak egin zituzten esaterako. Egurrezko xaflez egindako dorre bat eraiki dute Eskola Txikietako ordezkariek, haien "sendotasuna eta indarra" adierazteko. Ezkio-Itsasoko eskolako zuzendariak, Amaia Dorronsorok, festan parte hartu du eta gogoratu ditu eskolaren lehenengo urratsak duela 11 urte eman zituztela, eta aitortu du ez zuela espero hain urrun ailegatzea proiektua. Egun 62 haur daude eskolan: "Urte guztietan eskolak eta eskola komunitateak herriari eman diona neurtzen oso zaila da, baina aberasgarria eta positiboa izan da zentzu guztietan".

Irati Manzisidorrek, Eskola Txikien EAEko koordinatzaileak, auzo eta herri hauetako eskolen garrantzi kulturala nabarmendu du: "Gure herri eta auzo txikiak euskal kulturaren, nortasunaren, izaeraren eta hizkuntzaren iturburu eta zaintzaile izan dira. Euskararen arnasgune nagusiak herri eta auzo txikietan ditugu, eta horrek horrela jarrai dezan lan egiten dugu eskola txikietan". 

Sindikatuak, alderdiak eta instituzio publikoetako ordezkariak ere bertaratu dira. Bertan zegoen Pedrosa Hezkuntza sailburuak Eskola Txikietan 60 milioi euro inbertituko dituela iragarri du. Horrekin batera Eskola Txikien lana azpimarratu du: "Helburu argiak eta koherenteak dituzue: ikaslea bere ikaskuntza-prozesuaren jabe da, prestakuntza-eredu aitzindari eta zorrotza du, eta lidergo handia". 

Hurrengo urteko festa, Zizurkilgo Mendigain Eskolan ospatuko dute.