argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako eskola-garraio zerbitzuetako ibilbide gehienak Hezkuntza Saileko aholkulariaren enpresari esleitu zizkioten
  • Urte hasieran Eusko Jaurlaritzak egindako bilkuran Gipuzkoako 65 ibilbide lizitatu zituzten, eta horietatik hamabost esleitu zizkioten Urpa autobus konpainiari. Joanes Labayen da Urpako administrarietako bat, eta bilkura horretan aholkulari gisa jardun zuen.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 22a
Urpak guztira 3,6 milioi euroko kontratuak lortu ditu. (Argazkia: Urpa)

Urpa autobus konpainiak Gipuzkoan lizitatutako 65 ibilbideetatik hamabosten kontratuak lortu zituen urte hasieran. Hau da, ibilbideen laurdena, beste edozein enpresak baino gehiago. Joanes Labayen abokatua da Urpako administrarietako bat, eta ibilbideak lizitatu zituzten bilkuran bertan zegoen. 3,6 milioi euroko kontratuak lortu zituen autobus konpainiak.

Vocento taldeak bilkura horretako akta eskuratu du eta Hezkuntza Saileko iturriekin hitz egin du. Haiek azpimarratu diete ez zekitela bilkurako abokatua autobus konpainietako baten administraria zenik.

Iturrien arabera, zentzuzkoena zen bilkuran egotea Eneko Goenaga Saileko Araubide Juridikoaren Zuzendaritzako arduraduna, baina egun horretan oporretan zegoela-eta, Labayen bertaratu zen, aholkularitza "puntuala" eskaintzeko.

Labayen Cuatrecasas bufeteko abokatua da, eta Goenaga ere hala izan zen duela urte batzuk. Dirudienez, gainera, eskola-garraioko bilkura elkarrekin prestatu zuten.

Lehen deialdi horretan 139 ibilbideetatik 65 lizitatu zituzten, beraz, ibilbide gehienak hutsik geratu ziren. Abuztuan Eusko Jaurlaritzak enpresei eskatu zien iazko ibilbide berak egiteko, eta bilera horretan Gipuzkoako ia ibilbide guztiak lizitatu zituzten (%98), Arabakoak eta Bizkaikoak ez bezala.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak gaiaren inguruko azalpenak eskatu dizkio Iñigo Urkullu lehendakariari, ostiraleko kontrol saioan. Hark erantzun dio jada jarri dela harremanetan Hezkuntza Sailarekin eta gertatutakoa argituko dutela.