argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako errepideetan sei hilabete greban
  • Irailaren 1ean sei hilabete bete dira Gipuzkoako errepideen mantentze lanetako beharginak greban hasi zirenetik. Zigorrak eta abusuak salatu dituzte euren borroka baloratzeko agerraldian.

ARGIA @argia 2016ko irailaren 08a

Gipuzkoako Aldundiak azpikontrataturiko aldi baterako hiru enpresetan daude greban martxoaren 1etik hona; lurralde horretako errepideen mantenu lanak egiten dituzte. Lan baldintza prekarioei eta ia sei urtez soldata izoztuta edukitzeari kontra egiteko hasi zuten borrokaldia.

ELAk asteazkenean prentsaurrekoa egin du urte erdian gertatutakoa baloratzeko. Langileek azaldu dutenez Aldundia euren eskaerei "ezikusiarena" egin eta saiatzen ari da grebaren eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Horretarako zigorrak ezarri edo "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak erabiltzen ditu eta beste enpresa bat ere kontratatzera iritsi da pankartak kentzeko: "Edozerk balio du gure errepide sarean mantentze lanak egiten ez direla nabaritu ez dadin".

Abuztuaren 22an istripua

Erakunde publikoak baldintza-pleguak ere ez dituztela betetzen salatu dute prentsaurrean. Abuztuaren 22an langile batek istripua izan zuen errepidean  auto batek harrapatuta, gutxieneko zerbitzuei buruzko aginduari jaramonik egin ez zitzaiolako, sindikatuaren esanetan.

Gauzak horrela, mobilizazioak areagotu egingo dituztela iragarri dute; kartelak ugarituko dituzte, euren ustez egoeraren erantzule direnak zuzenean aipatuz. Asteazkenean bertan, Ordizian feria handia zela probestuz, protesta egin zuten Markel Olano ahaldun nagusia bertan zela.