argia.eus
INPRIMATU
Errausketaren Aurkako Mugimenduak larunbatean batzar berezia egingo du Zubietan
  • Larunbaterako, urtarrilak 26 goizeko 10:00etan hasita, batzar berezia dauka deituta Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Zubietan burutuko den bileran hiru urteotan egindako lanen balantzea egiteaz gain zaborren errausketaren aurkako mugimenduak bizi duen egoera aztertuko dute eta 2019ko lan ildoak zehaztuko.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 24a
Zubietako erraustegiaren aurkako mobilizazioa 2016ko abenduan Diputazioaren egoitzaren atarian. (Argazkia: Noaua)

EAM Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak biltzar berezirako deia zabaldu die hiru urteotan hilabeteroko batzarretan bezala antolatutako ekintzetan parte hartu duten militanteei, urtarrilaren 26 goizean elkarrekin gogoeta orokor bat egiteko. Hasteko –ARGIAk mugimenduko iturritik jakin duenez– EAMen printzipioak ("Errausketarik ez, ez hemen eta ez inon") eta mugimendu sozialaren autonomia berretsi nahi dituzte.

Ondoren, 2016aren hasieran hainbat talde eta herritako jendeak bildu zituen EAMeko kideek hiru urteotan lortutakoen eta huts egindakoen balantzea egingo dute. Alderdi positiboetan baloratuko dituzte gaikako bilketan eta birtziklapen tasetan Gipuzkoan eman diren aurrerapausoak, errausketaren aurkako argudioak fintzen eta Gipuzkoako herritarren artean zabaltzen egindako lana eta hiru urteotan EAMeko kideek barne jardueran bezala hainbat ekintzarekin lortutako dinamika.

Alderdi negatiboa nabarmena da: "Zubietako erraustegia gelditzea ez da lortu eta obrak amaitzen ari dira". Horrek guztiak eta Zubietako erraustegiaren inguruan eragile eta mugimendu berriak sortu izanak eragin dute EAMeko kideen larunbateko lan bilera berezia, gutxienez hiru lan ildo landuko dituena: gaikako bilketaren Gipuzkoako argazki zehatza, komunikazioa eta mobilizazioak.

2017ko ekainean EAMeko sei kidek gose greba egin zuten Donostian Zubietako erraustegia gelditzeko eskatuz.