argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako EHNE utzi dute hainbat nekazarik, bestelako eredu baten alde egiteko
  • "Gogorra da esatea, baina, niretzat, EHNEk gaur egun baserriari kalte handiagoa egiten dio mesede baino. XXI. mendeko baserriak XXI. mendeko sindikatua behar du", adierazi du zuzendaritza taldeko kide ohi Enrike Gisasolak, EHNE Gipuzkoa utzi eta egitura berria sortuko duten nekazarietako batek.

ARGIA @argia 2014ko uztailaren 23a
Elikadura burujabetzaren alde lan egiteko gertu azaldu dira EHNE utziko duten nekazariek. (Argazkia: Eitb.com)

Gisasolak eta sindikatuko presidente ohi Marije Intxaustik eman dituzte erabakiaren inguruko azalpenak. "Ez dago baldintza demokratikorik gure sindikalismoari buruzko ikusmoldea Gipuzkoako EHNEn garatzeko", esan dute.

Diotenez, haien ikusmoldeak ez du bat egiten gaur egungo zuzendaritzaren ereduarekin. Besteren artean, elikadura burujabetzari balio handiagoa eman nahi diote EHNE utzi duten afiliatuek. Horien artean daude Maite Aristegi EHNEko presidente ohi eta Amaiurreko diputatua, eta Iñaki Lazarobaster EH Bilduko legebiltzarkidea.

"Hau pertsonen arteko ezinikusia baino ez dela diote orain arteko ildoari jarraitzearen aldekoek. Guk esaten dugu ezinikusi hori ondorio bat baino ez dela", adierazi du Gisasolak. "Barnean gehiegi hartu nahi izateak sortzen du gatazka bat. Zaku berean sartzen dira nekazaritzatik aberastu nahi dutenak eta nekazaritzatik bizi nahi dutenak, eta multzo berean sartzerik ez dago, interes ezberdinak dituztelako batzuek eta besteek".

EHNE utziko dutenek jakinarazi dute ez dutela parte hartuko sindikatuak gaur Tolosan egitekoa duen kongresuan.