argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako autobus murrizketen aurka 7.000 sinadura bildu dituzte
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzuak murrizteko hartutako joeraren aurrean sinadura bilketa abiatu du Murrizketarik Ez! herri plataformak. Otsailaren 27an sinadurok erregistratuko dituzte eta bide batez, protesta martxa antolatu dute.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko otsailaren 22a

Autobus zerbitzuei zuzenduta Aldundiak aurkezturiko aurreproiektua dela eta, 7.000 sinadura inguru bildu izana nabarmendu du plataformak. Herriak proiektuaren aurrean erakutsitako aurkako jarrera aintzat hartzeko eskatu diote Mugikortasun Sailari.”Guztiontzat kalte gutxien sortuko dituen erabaki bateratu batera iristeko helburua adierazi nahi dugu, eta negoziazio mahai bat irekitzeko, erabaki publikoetan herritarron parte hartzea ezinbestekotzat jotzen baitugu”.

Otsailaren 27an, asteartean, erregistratuko dituzte 7.000 sinadurak. Langileen eta erabiltzaileen izenean, goizeko 11:00etan manifestaziorako deia zabaldu dute. Donostiako Julio Caro Baroja plazatik abiatuko da, Gipuzkoa Plazan amaiera emanez.