Donostiako epaitegi batek aurretik emandako epaia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. ELAk eta LABek mobilizazioa antolatu dute ostiralerako, eta Euskalgintzaren Kontseiluak bat egin du.
Ohar bidez jakinarazi dute ELAk eta LABek azken epai euskarafoboa, Berriak jaso duenez. Sindikatuek gogorarazi dutenez, 2024ko abenduan Donostiako epaitegi batek ebatzi zuen Gipuzkoako Aldundiko zaintzaile lanpostu guztientzako euskara eskatzea ez dela “legezkoa”. Hogei lanposturentzako B2 maila eskatzen zuen lan poltsaren aurkako ebazpena izan zen. Auzitegi Nagusiak aste honetan berretsi du epai hura.
“Eta epaileentzat legezkoa al da arreta euskaraz jaso nahi duen egoiliarra diskriminatzea? Edo euskaraz lan egin nahi duen administrazio publikoko langilea diskriminatzea?”, galdetu dute ELAk eta LABek. Euskalgintzaren Kontseiluak ere zabaldu du oharra, eta epai euskarafoboa kritikatu du: “Egoera zaurgarrian dauden herritarrei euskaraz eta duintasunez artatzeko ezinbestekoa den euskararen ezagutza eskatzea ‘diskriminatzailea’ dela iritzi zuen Donostiako Auzitegiaren 2024ko sententzia bat berretsi du”.
Eraso orokorra
Sindikatuek zein Kontseiluak euskararen aurkako oldarraldi orokorraren baitan kokatu dute epaia. “Epaileak, zenbait abokatu eta sindikaturen laguntzarekin”, euskaldunen eskubideen aurka egiten ari direla salatu dute ELAk eta LABek. “Botere judiziala, hizkuntza-eskubideak mespretxatzeaz gain, hizkuntza-politika baldintzatzeko eskumena bereganatzen ari da. Ondorioz, auzitegiak egungo araudia eta ofizialtasuna berrinterpretatzen ari dira, euskara gaztelaniaren azpitik mantenduz eta euskaldunak bigarren mailako herritar gisa betikotuz”, adierazi du Kontseiluak.
Kontseiluak gogoratu du udazkenean eztabaida abiatuko dela Gasteizko Legebiltzarrean, “Lan Eskaintza Publikoetan euskararen ezagutza eskatzea ahalbidetu eta oldarraldi judizialak eragindako ziurgabetasunari konponbidea jarri asmoz”. Eztabaida horretatik “oldarraldiari horma jarriko dion arkitektura juridiko berri bat” eta “euskararen normalizazioak dituen erronkei erantzungo dien jauzia” emateko erremintak lortzeko beharra azpimarratu du.
Elkarretaratzea ostiralean
“Euskararen arloan ere erantzunik gabeko erasorik ezin delako onartu”, ostiral goizerako kontzentrazioa deitu dute ELAk eta LABek, eguerdiko 12:00etan Donostiako Gipuzkoa Plazan. Sindikatuek dei egin diete bertan parte hartzera “Gipuzkoako ahaldun nagusiari eta Batzar Nagusietako lehendakariari, baita bertan parte hartzen duten indar politikoei ere, aldundiko langileekin, gizartearekin eta euskal eragileekin batera”.
Kontseiluak bat egin du mobilizazioarekin, eta bertaratzera gonbidatu ditu “euskararen normalizazioaren eta hizkuntza-eskubideen alde dauden eragile sozial, arduradun politiko eta norbanako euskaltzale guztiei”.