Gipuzkoako Foru Aldundiak errenta aitorpenaren kanpaina baliatuko du gipuzkoarrei galdetzeko ea diputazioarekiko harreman guztia euskaraz izatea nahi duten. Herritarrek, erakunde publikoek eta enpresek eskatu ahal izango dute harremana euskara hutsez egitea.
Foru Aldundia harremana euskaraz baino nahi ez dutenekin errolda osatzen hasiko da. Errentaren kanpainan 400.000 gipuzkoarrengana heltzen da Ogasun Saila. Hark galdetuko die zergadunei ea Ogasunarekin harremanak euskaraz nahi dituzten eta aldundiak erantzun hori baliatuko du beste sailetara zabaltzeko. Zigor Etxeburu aldundiko Euskara zuzendariak adierazi duenez, gustura lirateke erdiek euskaraz egiteko asmoa erakutsiko balute. Errenta aitorpenaren zain egon gabe, badago erroldan izena emateko aukera.