argia.eus
INPRIMATU
Gipuzkoako Aldundiak Hernaniri ukatu dio konpost planta txiki bat egiteko baimena
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak ukatu egin dio Hernaniko udalari herrian Atez Ate bildutako hondakin organikoa tratatzeko konpost planta txiki bat eraikitzeko baimena. Hernanin Zero Zabor elkarteak "Hernaniko hondakin organikoak, hernaniarron esku" tituluarekin aurkeztutako mozio bat eztabaidatuko du udal batzak heldu den astean.

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko apirilaren 25
Luix Intxauspe alkatea Hernaniko bilketa sistema erakusten Zero Waste mugimenduko kideei –tartean Paul Connet munduko liderrari– 2013an. (Argazkia: Kronika)a ikusten

Hernaniko udalak herrian Atez Ate bildutako hondakin organikoa tratatzeko konpost planta txiki bat eraiki nahi du. Udal gobernu taldearen (EH Bildu) kalkuluetan, 2.000 tona arteko planta txiki horren eraikitze gastuak erraz amortizatuko ditu, orain bertan GHK partzuergoari bio-hondakinen tratamenduagatik pagatzen dion faktura garestia aurreztuta. Bide batez, hurbileko azpiegitura batean tratatu nahi ditu hondakinok eta horrela herriko bio-hondakin guztia herrian bertan konpostatzea lortuko luke, kontutan izanda dagoenekoz %20 baino gehiago auto- eta auzo-konpost bidez birziklatzen dutela hernaniarrek. Proiektu honek Madrilgo Gobernuaren diru-laguntza bat ere badauka izendatuta (PP zegoen agintean orduan).

Alabaina, Monica Pedreira Lanchas (PSE) Ingurumen zuzendariaren sinadurarekin iritsi zaio udalari Gipuzkoako Foru Aldundiaren ezezkoaren berri. ARGIAk eskuratu duen agirian ezezkoaren argudio bakartzat aipatzen da GHK ari dela lurralde osorako konpost planta bat eraikitzen Gipuzkoako Hondakinen Azpiegituren Lurralde Plan Sektorialean erabakita dagoela ezingo dela eraiki arau horietan aurreikusita dauden azpiegiturez gain besterik.

Hernanik Atez Ateko bilketarekin lortzen du etxeetako hondakin organikoak oso garbi biltzea eta udalak premiazkoa ikusten du horiek Ekonomia Zirkularraren arabera kudeatzea hurbileko azpiegitura txiki eta merke batean, hortik ateratako konposta lehen mailakoa izan dadin. San Marko mankomunitateak eta GHKk ez diote horrelako bermerik ematen, organikoaren tratamendua garesti kobratzeaz gain. Atez Ate bildutako bio-hondakinaren purutasuna –premiazkoa konpost on eta salgarria eskuratzeko– ezin da alderatu kontrol gutxiagoko beste sistemen bidez lortzen denarekin eta azpiegitura handi batean bio-hondakin zikinagoekin nahasteak hondatzen du aurretik egindako lan guztia.

Hernaniko udalak heldu den asteartean, apirilak 30, osoko batzarrean eztabaidatuko gai honetaz Hernanin Zero Zabor elkarteak aurkeztu duen "Hernaniko hondakin organikoak, hernaniarron esku!" mozioa.