Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du 2018ko abenduaren 31n desagerraraziko dituela Diru-sarrerak Bermatzeko laguntzak (DBL), 2012an EH Bilduren agintepean sortutakoak. Aldundiak “egokitzapen” hitza erabili du DBLren amaiera iragartzeko.
Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak eman du Aldundiaren asmoen berri. Haren esanetan, DBLk ez ditu bere helburuak betetzen, eta lurralde oreka hausten du EAEn. Zehazki, Gipuzkoan –laguntza mota hori duen lurralde bakarrean– “migrazio isuri artifiziala” eragin duela argudiatu du Peñak. Bestela esanda, “erakartze efektua”. Nolanahi ere, aldaketa egiteko arrazoi nagusia da “diru-laguntza horrek onuradunei gizarteratzen laguntzen ez diela”, diputatuaren esanetan.
2018ko abenduaren 31n emango da azken aldiz DBL, eta jasotzeko, aurtengo ekainaren 30ean egin beharko da eskaria beranduenez. Salbuespena adingabeak dituzten familiak izango dira: horiei aurtengo abenduaren 31ra arteko epe emango zaie, baina 2015eko abenduaren 31 baino lehen Gipuzkoan erroldatuta egon izana jarriko zaie baldintza.
“Ez dugu nor bazterrean utziko”, esan du Maite Peñak, eta DBLren ordez Aldundiak Elkar-Ekin plana abiaraziko duela iragarri du. Horren bitartez, “bazterkerian edo bazterkeria arriskuan dauden pertsonen egoera aztertuko da, balorazio zerbitzu bat jarriko da martxan, eta egoitza eta eguneko zentroetan plaza gehiago eskainiko dira”. Housing First proiektuaren berri eman du Peñak, halaber: muturreko bazterkerian daudenentzat bizilekua bermatzeko ekimena izango da, Donostian hasiko dena proiektu pilotu modura.
Laguntza sozialei buruz Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako txosten teknikoan oinarrituta hartu du erabaki Aldundiak, Maite Peñaren berbetan. Duela zenbait aste, EH Bilduk gogor kritikatu zuen txosten hori egiteko prozesua: “Txostena ez da teknikoa, politikoa baizik, emaitza jakina bilatzen duelako. Laguntza hori kentzeko erabakia aspalditik hartuta dauka eskuin abertzaleak”, esan zuen Ernesto Merino batzarkideak.
“Maroto estiloko” mezuak zabaltzea leporatu zion EH Bilduk orduko hartan Aldundiari. “Badakizue Gipuzkoan etorkin kopuruak ez duela gora egin. Badakizue etorkin guztietatik oso gutxik kobratzen dutela diru laguntza hau, %5ek gutxi gora behera. Badakizue 1.900 eskaera inguru atzera bota direla, eta, beraz, kontrol zorrotza dagoela”. Gainera, DBLri esker pobreziaren atzerakada zenbatekoa izan den txostenean ez aztertzea aurpegiratu zion EH Bilduk lurraldeko gobernuari.
Uneon, 1.400 onuradun inguru ditu DBLk Gipuzkoan, gehienak gizon gazteak. Batez beste 706 euro jasotzen dute. Afrikarrak dira %44 eta asiarrak ia %38. Urtero hamaika milioiko gastua dakarkio Aldundiari diru-laguntza horrek.