Eskolarteko bertsolari txapelketak jokatu dira asteburuan. Ostiralean (1) Gipuzkoan eta Bizkaian eta larunbatean (2) Araban eta Nafarroan. Bertan erabaki ziren zein izango diren Altsasuko finalera joango diren ordezkariak. Txikienen mailan honakoak pasa dira: Gillermo Vegas eta Elyem Chej Arabatik; Nerea Ibarzabal eta Elene Lejarzegi Bizkaiatik; Amaia Iturriotz eta Imanol Irazustabarrena Gipuzkoatik eta Josu Sanjurjo eta Irati Majuelo Nafarroatik. Helduenen mailan Altsasura joango direnak hauek izango dira: Ander Solozabal eta Ekaitz Samaniego Arabatik; Jone Uria eta Miren Amuriza Bizkaiatik; Hodei Iruretagoiena eta Mikel Olaizola Gipuzkoatik eta Alazne Untsalo eta Iker Gorosterrazu Nafarroatik. Ipar Euskal Herriko txikien mailako irabazleak maiatzaren 26an erabaki zituzten: Estitxu Oilarburu eta Ortzi Murua lapurtarrak, Eñaut Zaldunbide eta Mikel Cherbero Nafarroa Beherakoak eta Gillen Negueloua eta Johaine Sarrailet zuberoarrak. Beraz, iparraldeko ordezkari helduenak ezagutzea soilik falta da.