Gillotinarako bidean jausitako esaldi bat

  • Noizbait aterako da zein bulegotan eta nortzuk erabaki zuten “dena da ETA” estrategia politiko-judizialaren abiada. Edozein modutan, joan den mendeko 90.eko hamarkadan izan zen hori eta 1997ko udazkenean HBko Mahai Nazionalaren aurka egin zen auziarekin haragiztatu zen epaitegietan. Eta kartzelaratu zuten Mahai Nazionala eta urtebete geroago Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen Entzutegi Nazionalak jarritako zigorra eta kalera atera ziren mahaikideak.

    HBko buruzagiak aske utzi eta geroxeago, 1998ko uztailean, Egin eta Egin Irratia itxi zituen Baltasar Garzon epaileak, ENAMen aurkako estrategia berriaren akuilatzaile nagusietakoak. Hamaika urteren ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak gaizki egin zuela ebatzi du eta Orain SA legezko dela erabaki. Baina lekutan da Paris. Eta ohi bezala, erabaki honen eraginkortasuna haizeak eraman zuen aspaldi. Ehunka langile kalean, adierazpen askatasuna txikitua, askok pasa dituzten kartzela urteak, beste batzuk espetxean dira oraindik...


2009ko maiatzaren 27an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Egin-en itxiera.

Eta Gorenak esan du ezin zela Egin itxi, funtsean ETArekin lotzen zuten Orain SA eta Egineko karguak etakideak ez zirelako -Auzitegi Nazionalaren epaiak zioen bezala- ETAren kolaboratzaileak baizik. Eta kolaboratzaile soil izanik, hauek zigorra merezi dutela baina medioa ezin zela horregatik itxi.

18/98ko zigorretan, halaber, Gorenak bederatzi absoluzio eman eta gainerako espetxe zigorrak nabarmen murriztu ditu. Pertsonak tartean direnean ezin esan berdin denik 24 urte edo 8 betetzea, edo 12 edo 7, areago gaur egun zigorrak osorik bete behar direnean. Baina Gorenaren epai honek ez du zipitzik aldatzen auziari buruzko analisi eta balorazio politikoa: Estatuak ENAMeko jarduera politikoa zigortzen du eta horrek zuzenbideko estatuaren zutoinak urratzen ditu erabat. Hori auziaren epaiketan zehar esan bazitekeen, orain ozenago, are gehiago Auzitegi Gorenak Egin-ekin egindako barrabaskeria aitortu eta legez kanpokotzat jotzen duenean.

Eta honek guztiak, ez dakit zergatik baina iruditzen zait baduela zerikusirik Frantziako Iraultzako pertsonai garrantzitsu batek gillotinarako pasabideetan utzitako esaldiarekin. Luis XVI.a erregearen epaiketan Luois de Saint-Just-ek egin zuen iraultzaren fiskal lana eta honakoa esan zion gerora gillotinatua izango zen erregeari: “Zure aurkako borroka da gure egin beharra, ez zu epaitzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 18/98 sumarioa
Jabier Salutregi hil da, 'Egin' zuzentzeagatik preso izan zuten kazetaria

1998ra arte izan zen zuzendaria Egin egunkarian, Baltasar Garzonek ixteko agindua eman zuen arte. Zazpi urteko espetxealdia bete zuen Burgosko kartzelan, 2015 aske geratu zen. 73 urterekin hil da Donostiako bere etxean, azken hilabeteetan pairatu duen gaixotasun baten ondorioz.


2023-02-14 | Estitxu Eizagirre
Nekane Txapartegi Nievek lortu du 1999an bere aurka hasitako epaiketa politikoa eta jazarpena ixtea

Gaur, otsailak 14, izan da Auzitegi Nazionalaren Zigor arloko Aretoan, bere abokatu Iñigo Iruinekin batera. 1999an 18/98 makroepaiketaren barruan atxilotua eta torturatua izan zen, eta gaur eman dio amaiera epaiketa politiko hari: Suitzan bi karnet faltsu edukitzeagatik... [+]


2021-03-09 | ARGIA
Pepe Rei hil da, ikerketa kazetaritzaren erreferentea Euskal Herrian

Pepe Rei kazetaria 73 urterekin hil da, astearte honetan, Donostian. Egin egunkariko ikerketa taldea martxan jarri eta Ardi Beltza aldizkaria sortu zuen, besteak beste. Euskal Herriko eta Espainiako estolderia politikoez, gerra zikinak ustelkeriarekin eta narkotrafikoarekin zuen... [+]


2019-11-19 | Estitxu Eizagirre
Txapartegi extradita ez dezaten eskatuz elkarretaratzea deitu dute azaroaren 20an Asteasun

Azaroaren 16an zabaldu zuen Txapartegiren abokatuak sare sozialetan albistea, Espainiako Gobernuak Txapartegi atxilotzeko nazioarteko eskaera egina duela. Geroztik hainbat mobilizazio egin dira: 16an bertan Zurichen 150 lagun atera ziren kalera eta azaroaren 18 eguerdian Bernako... [+]


2019-07-15 | ARGIA
21 urte Aznarrek Egin egunkaria itxi zuenetik

Astelehen honetan 21 urte betetzen dira Aznarrek Egin egunkaria indarrez itxi zuenetik. 1998ko uztailaren 15eko goizean Baltasar Garzón epaileak Egin egunkaria eta irratia ixtea agindu zuen, eta zuzendaritzako zein administrazio-kontseiluko hainbat kide atxilotu zituzten.


Eguneraketa berriak daude