Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak prestatu du gidabaimenak euskaraz ateratzeko materiala, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Hasiera batean ziklomotor eta kotxeetarako baimenak ateratzeko materiala sortu duten arren, aurki izango da prest autobus eta kamioietarakoa ere. Ikasleek eskuliburuak eta online ikasteko euskarriak izango dituzte eskura.
Guztira lau eskuliburu prestatu dira, bai paperean baita online formatuan ere. Gidabaimenakeuskaraz.eus webgunean kontsulta daitezke eskuliburuak, baita testak egin ere, besteren artean. Materiala euskaraz sortzeko prozesuan UZEI aritu da, eta testak IVAPek itzuli ditu. Sortu den materiala Euskal Herrian lokalizatuta dago (argazkiak, eredu diren seinaleak, irudiak…), eta edozein autoeskolak izango du eskura, gidabaimena euskaraz atera nahi duten herritarrentzat.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak azaldu duenez, egitasmo honen funtsa eragileen arteko lankidetzan oinarritu da: "Udalerri askok hamarkada bat baino gehiago daramate gidabaimenak euskaraz eskaintzeko ahaleginean. Kanpainak, erraztasunak, material egokitzapenak… hainbat eta hainbat egitasmo hedatu izan dira udalerri askotan. Behar horri erantzun bat eman nahian, Euskadiko Autoeskolen Federazioaren lidergoaren garrantziaz oharturik, Jaurlaritzak apustu argia egin zuen lankidetza aurrera ateratzeko”. Bestalde, Euskadiko Autoeskolen Federazioko presidente orde Pedro Davilak "Hizkuntza Politikaren konpromisoa" nabarmendu du, baita "lantalde sinesgarria osatzea" eta "Euskadiko autoeskolen eta Euskadiko Autoeskolen Federazioaren konpromisoa" ere.
Durangoko liburu eta disko azokan mahaia jarriko du Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak, egitasmoaren berri eman eta ahalik eta ikasle eta autoeskola gehien proiektura batzen hasteko.