argia.eus
INPRIMATU
Gida bat Donostiako Zinemaldiaren atarian
  • Euskarazko ekoizpenek presentzia nabaria izango dute aurtengo edizioan. Bestelakoen artean, espektatiba handiko lan eta gonbidatuak izango dira Donostian: George Clooney protagonista duen Jay Kelly pelikula; Angelina Jolie ere ikusiko dugu Couture-rekin; Julliete Binoche bere lan berria zuzentzen; Yorgos Lanthimos eta Emma Stone; Paolo Sorrentino eta Italiako politikagintza; edota Lucrecia Martel, istorio erreal dokumentatu batekin, erail zuten lider ekologista baten inguruan.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 08a
Iazko edizioko irudi bat. Zinemaldia / Gari Garaialde

Irailaren 19an abiatu eta 27an amaituko da Donostiako 73. Zinemaldia, eta karteldegi osoa argitaratu dute dagoeneko. Ikus-entzuleentzako sarreren salmenta igande honetan abiatuko da, hilaren 14an, eta horren atarian, begiratua eman diogu ehunka proiekzioko katalogoari.

Euskarazko ekoizpenekin karga-karga eginda dator udazkena, eta horren adierazle izango da Donostiako Zinemaldia. Izan ere, hiru pelikula eta telesail batek fokuak bereganatuko dituzte, baina gehiago ere estreinatuko dira, eta gero, zine aretoetan eman. Ondoko artikulu honetan ipini gara euskarazko ekoizpenei sakonago begira:

Izen handiko perlak Donostian

Oraintsu amaitu da Veneziako zine jaialdia, festibalen zirkuitu urtea zabaltzen duena, Cannes-eko maiatzekoaren ondotik. Donostiako Zinemaldiko Perlak sailak, hortaz, antzekotasunik izaten du Veneziako afixarekin. Izan ere, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean proiektatu eta Urrezko Maskorrarengatik lehiatu ahal izateko, film horrek ezin du lehenago inon estreinatu. Hortaz, Venezian ikusi den pelikula, ohikoa da Donostian Perlak-en sartzea.

Pista ugari ematen ditu Veneziako Mostrak. Bertatik handi eginda datorrena Paolo Sorrentino da. Iaz, pelikula eder eta ausart Parthenope aurkeztu ondotik, aurten, Toni Servillo (La Gran Belleza) protagonista hartuta –aktore onenaren saria jaso du Servillok Venezian–, politika gaietara itzuliko da film honekin, betiere politika Sorrentinoren moldean ulertuta. La grazia-rekin dator. Erretreta hartzekotan den Mariano De Santis Italiako Errepublikako presidentea gorpuztuko du Servillok, eta esku-ahurrean dituen hainbat erabaki garrantzitsuk atzera begira jartzeko balioko diote, hala nola egiaz, askatasunaz eta politika instituzionalaren funtzioaz gogoetatzeko. Estimuz hartu dute filma Veneziako festibaleko zine kritikariek.

La Grazia

Horrez gain, George Clooney protagonista izango duen drama-komedia estatubatuar bat ere emango dute Perlak sailean: Jay Kelly, Noah Baumbach zuzendariarena. Badirudi, ernamuinean, Clooneyk bere burua gorpuzten duela Jay Kelly izena hartuta. Izan ere, adin batera heldu den aktore oso ezaguna da Kelly, itxuraz lagun eta maite duen jende askoz inguratuta dagoena, baina gainbeheran sartuta dago, bai aktore moduan eta bai maila pertsonalean. Litekeena da Clooneyk aktore onenaren sari bat edo batzuk jasotzea aurtengo zine jaialdietan. Filmak argumentu hori izanda, eta batez ere, gehienbat bere antzezpena baino ez dutelako onerako nabarmendu Veneziako kritikari askok; The Guardian-ek, esaterako, astindu galanta eman dio filmari, baina Clooneyri berari bost izar emango lizkiokeela adierazi. Ikusi beharko.

Ondorengo honi ere egurra eman diote. Yorgos Lanthimos greziarraren lan berria: Bugonia. Lehen kolpean itxura ona du, bederen. Canino, The Lobster eta duela bi urte Poor Things egin ondotik aurkeztuko du hau Donostian, eta oraingoan ere, Emma Stone da protagonista. Sinplea da argumentua: bi gaztek konpainia handi bateko presidente boteretsua bahituko dute, uste dutelako lur planeta suntsitzeko asmoa duela. Hortik aurrerakoak, Veneziako kritikariren baten ustetan “biolentzia pornografikoa” da filma, eta “zentzu guztietan irrigarria”, beste batentzat. 

Bugonia

Bestalde, Venezian egin bezalaxe –bigarren saria jaso du han–, Palestinaren aurkako genozidioak ere hartuko du nolabaiteko ahotsa Zinemaldian. Izan ere, Frantziako ekoizpen batek, Tunisiako Kaouther Ben Hania zuzendariarekin, istorio erreal bat erakutsiko du The Voice of Hind Rajab pelikulan. 2024ko urtarrilaren 29an boluntario talde batek larrialdi-dei bat jaso zuen, 6 urteko neskato batena. Hind Rajab zen telefonoaren bestaldekoa. Auto batean harrapatuta gelditu zen.

Venezian estreinatu da, baita ere, molde bateko prentsarentzat jakin minekoa den Vladimir Putini buruzko pelikula. Bere politikari ibilbideari buruzkoa da: Le mage du Kremlin, frantsesa. Gobernura nola heldu zen-eta kontatzen du Olivier Assayasek zuzendu duen pelikulak. Perlak sailean emango dute. Baita George Orwellen 1984 eleberriaren “berrikuspen” bat ere: Orwell: 2+2 = 5.

Iraganari begiratuta, Albert Camus berpiztuko da Donostian. Iaz Sail Ofizialean Quand vient l’automne aurkeztu zuen François Ozon, sari ugari jasotako zuzendaria, L’étranger filmarekin itzuliko da Donostiara, Camusen liburua oinarri hartuta. Aljerren kokatzen da istorioa, 1938an, eta zantzu filosofiko eta galdera existentzial ugari plazaratzen ditu, liburuan bederen. Zuri-beltzean eraman du pantailara.

The Voice of Hind Rajab

Bestalde, Sail Ofizialean arituko da Edward Berger (Conclave aurkeztu zuen iaz). Aurten, zorretan murgilduta dabilen enpresari baten eta aurkitzen duen arima bikiaren istorioa kontatu du Ballad of a Small Player pelikulan. Colin Farrell da aktore protagonista, The Banshees of Inisherin-en egindako lanagatik saritutakoa. Ez du itxura makala.

Ezta Joachim Lafosse-ren berriak ere. Haurraren inozentzian begirada ipinita, Six jours ce printemps-là filma ondu du. Eta Angelina Jolie protagonista duen Couture pelikula ere Urrezko Maskorraren lehian arituko da. Alice Winocourrek zuzendu du filma: Parisen kokatzen da, modaren astean, eta bakoitza beretik borrokan ari diren hiru emakume dira protagonista.

Couture

Horizontes Latinos-en, berriz, Lucrecia Martel zinegilearen Nuestra tierra dokumentalak piztu dezake arreta gehien. Argentinan, duela hamabost urte inguru erail zuten Javier Chocobar lider ekologistari eta haren epaiketari buruzkoa da. Urteak eman ditu gidoiarekin lanean.

Bestalde, nabarmentzekoen artean, La misteriosa mirada del flamenco txiletarra, Diego Céspedesek zuzendutakoa. 1980ko hamarkadan kokatu du, Txileko basamortuan, meatze-herri batean; eremu maskulino horretan bi gizonen arteko harreman bat gertatuko da. Gehitu LGTBI+ elkartearen saria jaso du berriki.

Gaztetasunari begira, itxura eder eta sarkorra du Estrany riu film erdi kataluniar eta erdi alemaniarrak. Soilik 27 urte ditu zuzendariak, Jaume Claretek, Donostiako Elias Querejetan ikasitakoa da, eta bere lanak kritika ederra jaso du Veneziako Mostran. 16 urteko mutil gazte bat da filmeko protagonista, bidai luze batean doana Danubio ibaiaren ertzetik, bizikletan. Mutiko misteriotsu bat ezagutu eta protagonistak bere senideekiko harremana aldatuko du.

Irekiera, itxiera eta gala

Iazko Emmanuelle film erotikoaren bertsioaren ostean, Donostiako 73. Zinemaldia irekitzeko ardura izango du aurten Daniel Hendler argentinarrak eta 27 noches filmak. Itxura denez, zahartzaroari buruzko pelikula bat izango da: 83 urteko emakumea da Martha Hoffman, mezenasa eta diruduna, eta bere alabek psikiatriko batean ingresatuko dute, osasunez gaizki dagoela esanda. Eta baliteke horrela izatea, laguntza premian egotea; edo baliteke alabek ondasuna ostu nahi izatea. Netflixena da filma, eta Sail Ofizialean ariko da lehian.

Zinemaldia ixteko, bestalde, gerra testuinguruko film ilun bat programatu dute: Winter of the crow. Poloniako Varsovia hirian kokatuta, 1981ean, gerra-legea ezarri eta, gauetik goizera, herrialdea geldiarazita geldituko da. Egun horretantxe helduko da hirira Joan Andrews psikiatra-irakasle britainiarra. Harrapatuta geldituko da.

Emanaldi horren aurretik, 18:00etan, film sorpresa emango dute Victoria Eugenian. Kasik azken ordura arte ez da ezagutarazten zein film izango den, baina, joan de ostiraleko prentsaurrekoan Zinemaldiko zuzendaritzak aurreratu zuenez, "urteko film gutiziatuenetakoa" da eta "euskal jatorria duen norbait" dago. Zantzuek Jacob Elordi eta Frankenstein filmera eraman dituzte jarraitzaile oro; Guillermo del Toro mexikarra da zuzendaria.

Festibalaren azken-aurreko egunean, bigarren Donostia Saria banatuko da: Jennifer Lawrence aktore estatubatuar ezagunak jasoko du. Bera ageri den film berria emango dute sari banaketaren ostean, Die My Love, Lynne Ramsay zuzendariarena. AEBetako landa-eremuan girotuta, maitasunean eta eromenean harrapatutako emakume baten erretratua dela dio filmaren sinopsiak.

Die My Love

Memoriari eta urteurrenei lotutako lanak

Iragarpen hutsak, eta Netflixek sare sozialetan egindako promozio kanpainak, hautsak harrotu ditu dagoeneko: badator ETAri buruzko beste pelikula polemiko bat, beste infiltrazio kasu bat duena oinarrian. Un fantasma en la batalla izena du pelikulak, eta Sail Ofizialean ipini du antolakuntzak, lehiaz kanpo bada ere. Agustín Díaz madrildarrak zuzendu du filma, eta itxuraz Susana Abaitua aktore gasteiztarrak gorpuztutako pertsonaia izango da protagonista. Sinopsiaren arabera, ETAren aurkako “operazio handienean” dago inspiratuta pelikula, eta Amaia guardia zibil gaztea dago tartean.

Sail Ofizialean egongo dira ondoko lanak ere: Nuremberg eta Anatomía de un instante. Lehena, jakina, hain justu ere duela 80 urte epaitu zituzten erregimen naziko buruzagiei buruzko pelikula da, AEBetan ekoiztua; eta bigarrena, berriz, telesail bat da, Espainian militarrak estatu-kolpea ematen saiatu zirenean kokatua. Datorren urtean beteko dira 45 urte gertakari horretatik.

1936ko Gerraren ingurumarian kokaturiko bi pelikula ere ikusiko dira Made in Spain sailean, eta horietako batek, lantaldeari begiratuta bederen, itxura ona du: La buena letra. Celia Ricok zuzendu du eta Loreto Mauleon donostiarra eta Enric Auquer kataluniarra ageri dira aktoreen artean. Gerraostean dago kokatuta, Valentziako herrixka batean, dena galdu eta samin handia duen familia baten bueltan. Bestetik, Julio Medem donostiarrak garai bertsuan kokatu du bere pelikulako istorioa, II. Errepublika aldarrikatu zen egunean eta ondorengo urteetan; 8 izena du pelikulak. Eibarren errepublika aldarrikatu zen egun berean jaiotako gizon eta emakume baten istorioa da ardatza.

La Buena Letra