argia.eus
INPRIMATU
Gezur bat da, baina zein gezur polita...
  • Lehen sailkapena pasata, asteburu hau jai eman digu Txapelketak, finalaurrekoetako maratoia hasi aurretik. Erreflexiorako asteburua, beraz. Logoak mendi errusiarrean doan neska erakusten digu (ez dut publiko artean ikusi saioetan), Txapelketak azaleratzen dituen emozioen ikur. Justu inoiz baino lasaiago, sosegatuago, bizitzen ari naiz aurtengoa. Saioak entzule arrunten perspektiba irekitik gozatuz, eta puntuaketen ordua zirkoa dela jakinda. Nire barruko epailea hil dut.

2009ko urriaren 29a

Bertsoa artea da, ezin da neurtu. "Baietz, badakigula..." erantzuten da, inguruan norbait "betiko lelo horrekin" hasten denean. Kontua da Txapelketan sartu, eta irentsi egiten dugula hezur hori, aretotik kanpo uzten dugula ondoren ikusiko dugun guztiaren kristoa, eta aldiz, denok barruan daramagun epailea ateratzen dugula paseatzera. "Bide hau ez, bestea hartu behar zuen", "errima hau desegoki erabili du", "gaiari ez dio erantzun"...

Epaitu gabe gozatu

Izango da aspaldian mila-saio entzun gabe nengoelako, izango da txapelketako entrenamenduak jarraitu ez ditudalako, izango da Txapelketari "ona" eta "txarra" kalifikatzeko zilegitasunik ematen ez diodalako... Aurten joan, entzun, eta gustukoa kolkorako jaso besterik ez dut egin. Sasiz jositako bertsotan masusta ederrak aurkitu daitezkeela ikusiz, eta neure egingo nituzkeen lanek bere ajeak dituztela onartuta. Bertsokerei buruzko aurreiritziak malgutuz, "hau egin balu"rik gabe, bertsoa, lentejak bezala delako: botatako horixe, bere inperfekzio denekin, nahi baduzu hartu eta bestela utzi.

Injustiziekin negarrik ez

Saioa da gauza bat, eta horri puntuak emateko garaia beste festa bat. Entzuleen artean ere, oso normala egiten zaigu justu kontrako iritziak entzutea, niri saioan gehien gustatu zaidanak beste bati ezer esan ez izana. Jada iritsi naiz puntu batera non absurduak iruditzen zaizkidan epaiari buruzko komentarioak. Bertsoak puntuazioz neurtu nahi izatea da, izarrak tximeletak harrapatzeko salabardoarekin arrantzatzen aritzea. Ezin da, eta kito. Potoak ez direla hainbeste zigortu behar? Akatsak gehiegi penalizatzen direla eta ondo egindakoak gutxiegi baloratzen? Esanahia ez dela kontuan hartzen? Ados egon naiteke, baina salabardo horri zuloak josten besterik ez gara ari. Alde batean itxi duzuna etengo da bestaldean.

Saiotik irteterakoan, atarian utzi dugun gezurrarekin egiten dugu topo. Eta lehen galbahea pasa den honetan, hurrengo faserako sailkatu direnen eta atzean geratu direnen lana konparatzea, automatikoki ateratzen zaigu. Ados, injustizia oso sentimendu mingarria da, baina nork esan zuen justizia egitera gindoazenik?