argia.eus
INPRIMATU
Udalbiltzak Geuretik Sortuak egitasmoaren bigarren ediziorako deialdia zabaldu du euskal sortzaileentzat
  • 2023 eta 2024 artean egingo da. Literatura, zinegintza eta antzerkigintzako lanez gain, bigarren aldi honetan komiki sortzaileak ere parte hartu ahalko dute. Iaz abiatu eta aurten amaitu dute lehen edizioa. “Euskal Herriaren kontakizun sentikorra arteak eta kulturak baino ezin dutela egin”, aldarrikatzen dute.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 25a
Geuretik Sortuak egitasmoaren lehen edizioaren aurkezpena / Argazkia: Udalbiltza

Geuretik Sortuak egitasmoaren bigarren edizioa egingo du Udalbiltzak 2023 eta 2024 bitartean, eta asteartean zabaldu du deialdia sortzaileek euren proposamenak bidal ditzaten. Literaturako, zinegintzako eta antzerkigintzako lanez gain, komikigintza ere barne hartuko dute estreinakoz. “Euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala” izatea du helburu ekimenak.

Hautatuak izango diren euskal sortzaileei bi beka eskainiko zaizkie: bata lanaren sormen, garapen edota ekoizpenerako; eta bestea, ondorengo hedapen fasean sortzaileek egingo dituzten aurkezpen edota emanaldien ordainsari gisa.

Sormen faserako, parte hartzaileek hiru eguneko egonaldia egingo dute haien bizilekua ez den udalerri batean. Tokian tokiko errealitatean murgiltzea eta ekoizpenerako lehengai gisa erabiltzea da helburua. Bigarren edizio honetan, ez dute deialdia zabaldu udalerriak zehaztuta; horren ordez, bekaren eskaera egiten dutenek eurak garatu nahiko luketen proiektuaren proposamen ireki bat aurkeztu beharko dute, baita eremu ezberdinetara egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna adierazten duen beste dokumentu bat ere. Behin deialdia itxita, Balioespen Batzorde batek esleituko dio herri bakoitzari hoberen dagokion sortzailea eta proiektua.

Deialdiaren epe-muga ere oraindik ez da jakina, baina Udalbiltzak argitu du Gipuzkoako Buletin Ofizialean argitaratzen denetik hilabetera itxiko dela. Horren berri emango dute Udalbiltzaren gardentasun atalean ere. Bertan, bistan daude jadanik beka aldira aurkezteko beharrezko dokumentuak.

Geuretik Sortuak egitasmoaren lehen edizioa 2021 eta 2022 artean antolatu zuen Udalbiltzak, argudiatuz “Euskal Herriaren kontakizun sentikorra arteak eta kulturak baino ezin dutelako egin”. 26 artista izan ziren parte hartzeko hautatuak: bost zinemagile, bost antzerki konpainia eta hamasei idazle. Euskal Herriko 26 nukleotan bildutako 39 udalerritan egin zituzten egonaldiak, eta hedapen fasean, 130 antzerki emanaldi, 26 liburu aurkezpen eta beste horrenbeste film emanaldi egin ziren.

Bigarren edizioaren beste berritasuna aurkezpenen esklusibotasunarekin loturikoa da: sortzaileek posible izango dutela euren lanak aurkeztea egitasmoan parte hartu ez duten udalerrietan ere, nahiz eta egonaldia egin den lekuan egin beharko duten lehen aldiz. Gerora, literatur lan guztiak bilduma batean jasoko dira, eta berdin komikiekin; antzerki lanak bakoitza bere aldetik aurkeztuko dira emanaldi zirkuituan; eta zinegintzan, lehenengo edizioan ez bezala, film-laburrak ez dira film luze bakarrean bilduko. Bakoitza ekoizpen bereizi bat izango da, baina denak batera aurkeztuko dira.