Kulturaren egoeraz eta etorkizunaz kezkaturik, otsailaren 27an Durangon egun beteko jardunaldian parte hartzeko deialdi zabala egin zuten zenbait eragilek, tartean, Ahotsenea, Eskena edo Kulturalive zeudela. Elkartzeaz gainera, nor bere jardunetik mintzatzea eta aurrera begira adostasunera heltzeko bidea bilatzea izan zuten helburu.
Literatura, musika, bertsolaritza, dantza arte plastikoak nahiz beste hainbat arloko sortzaileak, antolatzaileak, bitartekariak, hezkuntzako eragileak, kazetariak eta hartzaileak batu ziren Durangoko San Agustinen, sentsibilitate ezberdineko 150 lagun guztira, gune irikia deritzon metodologian hausnarrean.
Kulturari bultzada emateko proposamen eta gai ugari atera zen gaika antolatutako taldeetan, “benetako ideia-erauntsia” izan zen hura, Gotzon Barandiaran batzorde eragileko kidearen arabera: “batzuek oso egituratura ekarri zituzten asmoak, eta soltean ere gauza mordoa mahairatu zen”. Besteak beste, euskal kulturaren kontseilua eratzea, edo cluster moduko zerbaitera jotzea, herrietan kultur taldeak sortu eta haiek saretzea, topiko guztien gainetik elkar ezagutzeko espazioa sortu beharra, kulturaren ikusgarritasuna lortzeko beste herrialdetako ereduak aztertzea eta interesgarrienak ekartzea...
Asteartean, martxoak 4 zituela, Bilboko Zazpi Kaleetako La Bolsan batu zen batzorde eragilea (ohiko 12 lagunak eta beste sei, deialdia irekia zenez), Durangoko topaketaren balorazioa egitearren. Bi asteren buruan, erauntsi hartan ateratako ideiak ordenatu, egituratu eta testu proposamen bakarrera ekartzeko ardura hartu zuten, eta horren arabera, maiatz-ekainerako egun beteko beste deialdi zabala deitzekoa, Durangoko beroaldia hoztu baino lehen behintzat. “Ez da otsailaren 27koa bezain irekia izango”, diosku Barandiaranek, “eguna finkatzeaz batera, zeri buruz hitz egingo dugun ere zehaztuko da, nahiz eta asmo berriak proposatzeko aukera ere izango den, baina hortik ekintza plan bat ateratzea nahi genuke, zer egin behar dugun eta proposamen jakin horiek zein egitura eduki beharko luketen”.
Durangon esandakoak zenbait txostenetan bildu dituzte blogean, gaikako txostenak dira, eta orokorrago bat ere bada.