argia.eus
INPRIMATU
Getxophoto jaialdiak hamargarren urteurrena ospatuko du aurten
  • Denboraren joanari eskainitako edizioa prestatu du Getxophotok, Getxoko argazki jaialdiak, hamargarren urteurrena ospatzeko. Irailaren 1ean emango diot hasiera festibalari, eta irailaren 4ra bitarteko asteburuan pilatuko dituzte ekintza gehienak. Erakusketak, berriz, urriaren 2ra  arte izango dira ikusgai. Gehienak hiriaren kanpoko –eta ezohiko– guneetan ipiniko dituzte, 2007an Begihandi kolektiboak abiarazitako ekimen artistiko honetan usadio den legez.

ARGIA @argia 2016ko abuztuaren 23a
Denboraren joana izango da aurtengo Getxophoto jaialdiaren gai nagusia.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo komisario lanetarako Getxophotoko zuzendaria bera aukeratu dute: Jokin Aspuru algortarra. Aspuruk lagun izango ditu aurreko urteetan komisario aritutako Alejandro Castellote, Frank Kalero eta Christian Caujolle. Guztira, hogei erakusketa izango dira.

Eulalia Abaitua, lehen euskal argazkilaria

Nazioarteko egile ugari lanak agertzeaz gain, Eulalia Abaituari omenaldia egingo dio Getxophotok, Bilboko Euskal Museoaren laguntzaz. 1853an jaioa, Abaitua, bilbotar burgesiako emakumea, Liverpoolera joan zen bizitzera Bigarren Karlistaldia zela eta. Han ezagutu zuen argazkilaritza eta han eskuratu zituen gerora, Euskal Herrira itzulitakoan, erabiliko zituen materialak eta ezagutzak.

Eulalia Abaituak egindako erretratu bat.

   
Abaitua 1909an bueltatu zen Bilbora, eta argazki laborategia paratu zuen etxeko sotoan. Bilboko eta inguruetako bizimodua jaso zuen bere argazkietan, nagusiki jendearen erretratuen bidez. Getxophotok haren lanaren lagin esanguratsuenak erakutsiko ditu, jaialdiak irauten duen bitartean emango den proiekzio batean.