argia.eus
INPRIMATU
Getxo eta Sestao ur azpitik lotu nahi dituen makroproiektua bertan behera uztea eskatzeko kanpaldia egingo dute
  • Bilboko itsasadarraren bi aldeak ur azpitik lotu gura dituen tunela egiteko asmoa du Bizkaiko Foru Aldundiak, baina makroproiektuaren kalteak eta gastatuko den dirutza kritikatzen ditu Subflubiala Ez plataformak. Kanpaldia deitu dute asteburu honetarako, proiektua bertan behera utzi dezatela eskatzeko.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 18a

Artaza parkean egingo dute kanpaldia, irailaren 21 eta 22an. Hain justu, Artaza da lanek kaltetuko duten eremuetako bat: obrek hiru hektarea eta erdi dituen parkearen heren bat hartuko dutela eta birika berde hori suntsituko dutela dio plataformak, besteak beste, zuhaitz guztiak moztuko dituztela.

Aldundiak 2025eko udaberrian hasi nahi ditu lanak, lau urte iraungo lukete eta bizilagunentzako “eragin negatibo nabarmenak” izango lituzke, dio plataformak, tartean Artaza-Romo institutuarentzat (patioaren zati bat hartuko litzateke, zarata eta kutsadura handia izango lukete ikasleek…).

Plataformako kideek garbi dute: proiektua “zentzugabea” da, eta klima larrialdi garaiotan, trantsizio ekologikoaren kontra doa, proiektuaren ingurumen inpaktuan ikusten denez. Izan ere, auto pribatua sustatuko du tunelak, trafikoa %33 handituko dela aurreikusten baitu proiektuak (63.000 auto egunero). Errepideetako saturazioa askatu beharrean, garraio pribatuaren erabilera are gehiago bultzatuko du autobide berriak, hala uste du plataformak.

450 milioi euro baino gehiago kostako da autobidea, eta alternatiba zein den ere argi du plataformak: garraio publikoari eta bizikletari eman beharko litzaieke lehentasuna. Alegia, Arrontegiko trafiko arazoa konpontzeko modua garraio publikoa indartzea da, beste errepide bat gehitu ordez.

Arrontegiko trafiko arazoa konpontzeko modua garraio publikoa indartzea da, beste errepide bat gehitu ordez, dio plataformak

Egitarau oparoa, kanpaldirako

Hainbat ekintza egingo dituzte kanpaldiak iraun bitartean. Larunbatean, azoka, Pertxel taldearen kontzertua, umeentzako ipuin kontalaria eta bertsolariak izango dira, besteak beste. Iganderako, Zergatik subflubiala ez? hitzaldia eta kalejira antolatu dituzte.