argia.eus
INPRIMATU
Berton
Gertukoari eta ekologikoari tokia egiten dion denda berria Ea herrian
  • Maiatzean zabaldu zituen ateak Eako Berton dendak. Iñaki Biteri eta Iratxe Arriola dira proiektu honen atzean dauden kideak, eta diotenez, aspaldian zuten denda irekitzeko ideia buruan: “Umeak ditugu, baserrian bizi gara, zaintza lanetan ari gara, eta bizitza orekatuagoa izateko saiakeran abiatu dugu proiektua”. Lehen sektorearekin harreman estua dute lehenagotik, esaterako, EHNE Bizkaiarekin lanean aritu zen urteetan Arriola, eta beraz, bazuten loturarik hurbileko ekoizpenarekin eta bertako produktuekin. Eako lonja pixkanaka egokitzeko lanetan aritu dira azken urteetan, eta azkenean, iritsi da ideia errealitate bihurtzeko momentua.

Garazi Zabaleta 2025eko urriaren 13a

Euren proiektua abiatu baino lehen, Euskal Herriko antzeko zenbait egitasmo bisitatu zituzten Biterik eta Arriolak. “Igeldoko dendan izan ginen, Elorrioko Anbotope bisitatu genuen, Arrasateko Ereindajan…”, aipatu ditu Biterik. Eako dendan erosketa saskia betetzeko adinako produktu eskaintza zabala dute: garaiko loreak, pentsuak, lurra, olioa, esnekiak, kontserbak, zukuak, marmeladak, ozpina, ogia, inguruko artisauen produktuak, garbikariak, kosmetika produktuak, haragi loteak, arrautzak, kafea, prestatutako jakiak, eztia… “Denetik dugu dendan. Herrian bertan erosketak egiteko aukera eman nahi genuen eta kalitatezko produktuak ahalik prezio lehiakorrenetan eskainita”, dio.

Biterik nabarmendu duenez, gertukoari eta ekologikoari garrantzia ematen diote, baina, aldi berean, gehiegizko prezioak saihestuta. “Sasoiaren eta gaitasunaren arabera aldatuz doa, baina ahal dena hemen bertako ekoizleei hartzen diegu. Hiru ekoizlerekin hasi ginen elkarlanean, baina dagoeneko bost dira, eta sarea handitzen ari da pixkanaka”, dio.

Denda herritarren topaleku

Maiatzetik hona dendak izan duen harrerarekin pozik agertu dira bultzatzaileak, nahiz eta jakin badakiten udatik negura asko aldatzen dela herriko martxa. “Udan ez dugu aparteko lanik egin behar izan, ateak ireki eta kito, eginda zegoen dena, jende asko ibiltzen baita herrian udan”, azaldu du Biterik. Neguan 900 lagun inguru bizi dira Ean, eta kanpoan lan egiten duten askok erosketak kanpoan egiteko aprobetxatzen dutela uste du dendariak. “Bestetik, egia da orokorrean ez dagoela ohiturarik bertako produktuak eta ekologikoak erosteko, jendeak askotan pentsatzen du garestiak direla… hor badugu erronka, baina momentuz, oso pozik gaude erantzunarekin”, gehitu du.

Aurrera begira, erosketak egiteko ez ezik, denda berria herritarren topaleku izatea ere nahi dute bultzatzaileek. “Dendaren alboko lursaila gurea da, terraza bat egin nahi dugu hor, eta barratxo bat, kafea eta tea eskaintzeko”. Erosketa egiten dutenak egoteko leku lasai bat izatea nahi dute. “Azken urteetako joera da erosketak egitea ekintza guztiz inpertsonala izatea, saltzaileekin eta produktuekin inolako loturarik gabea… hori apurtzea da gure asmoa”, amaitu du.