35 urteko gizon bat atxilotu dute Sinn Féineko buru zenaren etxera lehergailu bat botatzeagatik.
Joan den ostiralean gertatu ziren Gerry Adams eta Bobby Storey Sinn Féineko buruzagi ohien aurkako erasoak. Alderdi errepublikarrak erasoak gaitzetsi ditu eta “koldarki” egindako ekintzak direla gehitu du. Gerry Adams “esker oneko” agertu da inor ez zutelako zauritu.
Poliziak dio asteartean egin zuela atxiloketa, baita miaketak ere, Belfast mendebaldeko zeinbat etxetan. Lehenago, su-artifizialen materialekin egindako armak aurkitu zituen poliziak mendebaldeko Belfasteko beste bi etxetan.
Sinn Féineko buru Mary Lou McDonaldek esan du astelehenean alderdiko kideen segurtasuna berrikusi zutela, ostiraleko erasoa eta gero.
Poliziak oraindik ez dio inori egotzi erasoa, baina Sinn Féineko kideek alderdi errepublikarreko disidenteei egotzi diete.
Astelehen arratsean elkartasuna adierazteko manifestazioa egin zuten mendebaldeko Belfasten eta bertan Mary Lou McDonaldek alderdiko disidenteak “jendearen etsai” bezala definitu zituen.