argia.eus
INPRIMATU
Gerry Adamsek bere aurkako “kanpaina maltzurra” salatu du aske geratu ostean
  • 1972an IRAk egindako hilketa baten ikerketak Gerry Adams Sinn Fein alderdiko presidentea zipriztindu du. Joan den asteazkenean atxilotu zuten eta kargurik gabe aske geratu den arren, kasua fiskaltzaren esku dago.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko maiatzaren 05
Gerry Adams, libre geratu ostean egindako agerraldian. (Argazkia: PAUL MCERLANE/EFE)

Jean McConvilleren hilketagatik galdekatua izan ostean atxilotu zuten Adams. McConville 1972an bahitu eta hil egin zuten, eta ekintza IRAri egotzi izan zaio.

Buruzagi errepublikarra kargurik gabe aske geratu den arren, poliziak egindako txostena aztertuko du fiskaltzak eta Adamsen aurkako karguak aurkezteko froga nahikoak dauden erabaki beharko du.

Adamsek libre geratu ostean bere aurkako “kanpaina maltzurra” salatu du. McConvilleren hilketarekin zerikusirik ez duela berretsi du. Poliziaren lana babesten duen arren, atxiloketa hauteskunde-kanpainan egin izana okertzat jo du.

Atxiloketak tentsio egunak eragin ditu Ipar Irlandan. Sinn Fein mugimendu errepublikazale irlandarrak bere militanteak mobilizatu ditu Adams kaleratua izan zedin eskatzeko eta Belfasten hain ohikoak diren horma-irudi berri bat egin dute, Adamsen “bakezale” rola gogorarazteko.