Ostegunean hasi da Beran eta Donostian egiten den Ertz, Bertze Musika Jaialdia. Hainbat kontzertu, hitzaldi, erakusketa eta zine-emanaldi antolatu dituzte irailaren 12ra arte iraungo duen jaialdirako. Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbiok emango diote hasiera 14.a den edizio honi, Hegi, Egia, Egiak emanaldiarekin.
Gerraren soinua izango du ardatz aurtengo jaialdiak, “Donostian, Irunen, eta baita Beran ere, arrasto latza utzi zuen gerra napoleonikoaren mendeurrena aitzakiatzat hartuta”. Ekimen guztiek aipatu gaia izango dute abiapuntu.
Bi egitarau nagusi izango ditu Ertzek: Batetik, ezohiko kontzertu eta emanaldiekin Beran gauzatuko dena; eta bestetik, Donostian egingo den ‘Hirugarren belarria’ hitzaldi multzoa.
Besteren artean, Jana Janek eta Jose Luis Maire madrildarrak eskainiko dituzte kontzertuak Beran. Donostiako hizlarien artean aldiz, Eduardo Gil-Bera eta Joe Banks izango dira besteak beste.
Audiolab, Ertz elkartea eta Berako Kultur Batzordea dira jaialdiaren antolatzaileak. Prestatu duten webgunean egitaraua osorik kontsulta daiteke.