argia.eus
INPRIMATU
Gerraren eta militarismoaren aurka, manifestazioak egingo dituzte gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan
  • Euskal Herriaren industriaren etorkizuna ezin dela "heriotzaren, odolaren eta armen gainean" eraiki aldarrikatu dute mobilizazioaren antolatzaileek. Euskal erakundeen nahiz alderdi politikoen "isiltasuna" salatu dute.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 24a
Emakumeak Gerraren Aurka

Gerra eta militarismoari ez! lelopean, mobilizazioak deitu dituzte arratsaldean Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Gerrarik ez! plataforma, Gernika Palestina herri ekimena, Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundea, Kapitalari Planto! mugimendua, Nafarroako Yala eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta dira deialdiaren bultzatzaileak.

Azken eragile honek aurreko astean argitaratutako komunikatuan adierazten denez, Europar Batasunak azken urte hauetan hartu duen "militarizazio prozesuaren" aurrean, Euskal Herriak "beste eredu sozial eta ekonomiko baterantz" abiatu behar du, trantsizio ekosoziala erdigunean jarriko duena, pertsona guztientzako bizitza duinak bermatuko dituena eta planetaren mugak kontuan hartuko dituena.

Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik hiru urte bete direla, gerraren irabazleak "betikoak" direla salatu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak: hau da, Ipar Amerikako, Europako edo Errusiako oligarkiak, euren aberastasunak "gerra militarraren berotasunean nabarmen" hazten ari baitira. 

Euskal Herria ez da salbuespena

Idatzian eragileak ohartarazi du Europar Batasunaren "joera belizistak" bere ondorioak dituela Euskal Herrian, batez ere industria militarrean: azken hamarkadan, sektore horretan diharduten euskal enpresak 70 izatetik 200 izatera igaro dira. Urtarrilaren 15ean, Zedarriak taldeak adierazi zuen “segurtasun eta defentsa industrian” diru asko inbertituko dela hurrengo urteetan, eta Euskal Herrian "aukera bikain" hori "aprobetxatzera" deitu zuen. Zedarriak-en aldarrikapenari erantzunez, armagintza sustatzeko Jaurlaritzaren konpromisoa adierazi zuen Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak.

Gasteizkoak talde antimilitaristak Zedarriak taldea osatzen duten hamasei pertsonek armagintzarekin duten lotura aztertu zuen ARGIAK otsailaren hasieran argitaratutako ikerketan, eta ondorioztatu zuen hamaseitik hamarrek behintzat dutela lotura motaren bat ekoizpen militarrean aritzen diren enpresa eta teknologia zentroekin