argia.eus
INPRIMATU
Gerra Zibilean hainbat emakume bortxatu eta hil zituen erregimentua omendu nahi dute Iruñean
  • Espainiako armadaren America 66 erregimentua omentzeko erakusketa antolatu nahi du UPN buru duen Iruñeko Udalak. Alderdi erregionalista eta PP izan ezik, beste indar politiko guztiak kontra agertu dira.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko maiatzaren 09a
Asturiaseko ospitaleko langileak, 1937ko urtarrileko argazki batean. (Argazkia: Constantino Suarez)

Udalak Iruñeko gotorlekuaren areto bat utziko dio armadari America 66 erregimentuaren inguruan erakusketa bat egiteko datorren maiatzaren 23an.

Erregimentua Emilio Mola militar kolpistaren agindupean egon zen 1936ko Gerra Zibilean. 1937ko urtarrilean, Asturiaseko ospitale bateko hainbat emakume bortxatu eta hil zituzten, lau zaintzaile, sukaldaria eta 15 urteko neska batez gain.

Oposizioko alderdi guztiak erakusketa ez egitearen alde agertu dira bi mozioren bitartez.

"Faxismoaren apologiarik" ez Udalaren ustez

Udaleko kultura zinegotzi Fermin Alonsok Públicoren webgunean azaldu du erakusketarekin aurrera egingo dutela, Oroimen Historikoaren legea ez duelako urratzen beraien ustez: “Erakusketak  armadako erregimentu baten 250 urteko historia jasotzen du eta faxismoaren apologia ez duela egiten uste dugu”.

Iruñeko Oroimen Historikoaren aldeko erakundeak ere omenaldiaren aurka agertu dira. Hedy Herrero, Txinparta erakundeko kideak, erakusketa erretiratzeko sinadurak biltzen dituen kanpaina jarri du abian. Omenaldia biktimentzako "errespetu faltatzat" jo du: “Emakume ugari bortxatu eta hil zituztela frogatuta dago”.

20.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte orain arte.