argia.eus
INPRIMATU
Geroz eta “banketxe desjabetu” gehiago Bartzelonan
  • Aurrezki-kutxen fusioaren ondorioz itxita dauden banketxeen bulegoak leku aproposak bihurtu dira Bartzelonan autogestionatutako zentro sozialak martxan jartzeko. Jabetza pribatua zalantzan jartzen duten proiektu hauek garatzeko espazioen gabeziak leku berrien okupazioa ekarri du, horien artean banketxeak, La Directak jasotzen duenez.

Judith Perez @judyjudd 2014ko ekainaren 13a
Gracia auzokoa izan zen lehenengo "banketxe desjabetua" (Arg: La Directa)

2011. urtean izan zen lehenengo banketxearen okupazioa, La Directak jasotzen duenez. Gracia auzoko bizilagun talde batek Caixa Tarragonaren (gaur egun Catalunya Caixa) buelgo zahar bat hartu zuen, “auzoak eta honen elkarte eta kolektiboek dituzten beharrei erantzuna emateko”.

Vila de Graciako Desjabetutako Banketxearen kasuak bide berri bat ireki zuen autogestionatutako zentro sozialak sortzeko banketxeen propietatea diren espazioak berreskuratuz. Harrez geroztik bost okupazio gehiago egin dituzte, eta hauei aurreko asteburuan izandako beste bi gehitu behar zaizkie.

Sistema kapitalistari eta erakundeei aurre egin nahi dieten proiektu alternatiboak geroz eta gehiago dira Bartzelonan. Can Viesekin gertatu denak, zentro hauek gizartean jokatzen duten paperaz eztabaida ekarri du.