argia.eus
INPRIMATU
Gero eta fede gutxiagorekin esanda: ‘No More Hibakusha!’
Mikel Aramendi 2025eko abuztuaren 05
Hiroshima, bonba atomikoa erori ondoren. GETTY

Hiroshima eta Nagasakiko masakre nuklearren 80. urtemuga heldu zaigu, eta inoiz baino eskasagoak dira itxaropentsu izateko inputak. Hala ere, No More Hibakusha! aldarrikatzen jarraitu beharko dugu... ordukoei ez ezik geure buruari zor diogulako.

Iazko Bakearen Nobel saria Nihon Hidankyo (A eta H bonbak nozitu zituztenen antolakundeen Japoniako Konfederazioa) erakundeari eman ziotenean, esku-ahurrak elkartzeke geratu zitzaigun txaloa askori. Ez, alajaina, merezia ez zutelako baizik, begien bistakoa zelako besterik ezinean, biktima zuzenak azken-azkenetan zeudenean emandako saria zela. 1956tik zeraman jardunean elkarteak: 68 urte. Eta saria jaso eta gero ere, berean jarraitu du belaunaldi gazteagoen lankidetzarekin. Horrek iraunarazten du bizirik itxaropenaren kriseilua.

Ingurugiroa, ordea, guztiz alderantzizkoa da. Iazko sariaz geroztiko hilabete hauetan, No More Hibakusha! aldarriak elkartzen duen mugimendua hizpide izan zen Donald Trumpek Iranen aurkako bonbardaketak Hiroshima eta Nagasakikoekin konparatu zituenean. Bien ala bien egiletza harro erreklamatuz parekatu ere. Shigeru Ishiba Japoniako lehen ministroak ere bat egin zuen haserrearekin.

Baina inork ez zuen orduko erantzukizunen eta egindako kaltea aintzat hartzearen ur sakonetan murgildu nahi izan. Denborak –eta haren kumea omen den ahanzturak– onbideratuko duela bestela zuzendu ez dena iritzita edo. Agian, antzeko gogoetak eramango zuen Nagasakiko alkatea iaz oroitzapenezko ekitaldietan Israeli ezarri zion betoa aurten ez berrestera. Mendebalde osoak Israelekin bat egiten zuela ikusi zuelako.

Alde bakarreko zerbait da amore ematea gai horretan. Eta denborak, antza, ez du autokritika egiteko grina pizten. Alderantziz.

Historiako bi ekintza terroristarik handienen egiletzaren erantzukizuna aitortzeko jarrera Estatu Batuetako gizartean nahiko errotuta badago ere, haren onespena aginte-eliteetan minimo historikoetan dagoela esan liteke. Aitzitik, historialari serio guztiek ederki ezetsia duten Trumanen erabakia “beharrezkoa”, “zuhurra”, “ausarta” eta abar izan zela deritzoten korifeoak edonon agertzen zaizkizu... Berriro ere, beharrean izanez gero, arma nuklearrak erabili behar liratekeela deritzotenekin kidetuta.

Baina Japonian ere gauzak ez doaz bide onetik. Sanseito alderdi ultraeskuindarraren gorakada ikusgarria izan zen azken hauteskundeen berritasuna. Alderdiak, oraingoz, ez du oldozpen publikorik egin 1945eko abuztuko bonbardaketen inguruan. Baina ez da aztia izan behar, egiten duenean, nondik norakoa izango den asmatzeko: Sanseitorentzat, “Asia Ekialdeko Gerra Handia” da 1937-1945 bitartekoa; eta hura ez omen zen Japoniak probokatua ez sutua izan. Eta gainerako indar eskuindar japoniarrei irizpidea erakusten diela esango nuke.

80 urte geroago, beraz, gero eta urrunago daude autokritikak.