argia.eus
INPRIMATU
Gernikan PCR probak egiten hasi dira gaueko aisialdi gunean 51 positibo izan eta gero
  • Astelehenean (abuztuak 24) 10:00etan ziren hastekoak PCR probak egiten. Osakidetzak abuztuaren 14tik 17ra bitartean gaueko aisialdiko guneko tabernetan ibilitakoei eskatu die probak egiteko. Joxe Mari Gorroño alkateak berriz, herritar guztiei proba egiteko eskatu die, transmisio komunitarioa gertatzen ari dela argudiatuta.

ARGIA @argia 2020ko abuztuaren 24a
Gernikako gaueko aisialdi gunea. Argazkia: EITB.

Gernikako alkateak agerraldia San Roke jaietan ‘egin ez diren jaiei’ egotzi die. Osasun Sailak ez du zehaztu agerraldia izan deneko kalearen izena. Dena den, kale horretan abuztuko egun horietan ibilitakoei eskatu die Osasun Zentrora edo Osasun Kontseilura (900-20-30-50) deitzeko PCR proba egiteko hitzordua hartzeko. Probak abuztuaren 29ra bitartean egingo dituzte Gernikako Ospitalean, gaurtik hasita. Emaitzak sms mezu bidez jakinaraziko dituzte.

Osasun Sailak gogorarazi du PCR proba egin eta emaitza jakin bitartean herritarrak isolatuta egon behar duela.

Alkateak transmisio komunitarioa dagoela dio

Prentsaurrekoa eskaini du Gorroño alkateak astelehen goizez eta adierazi du herritar guztiei eskatzen diela PCR proba egitea, transmisio komunitarioa dagoelako eta birusa edozein kaletan egon daitekeelako. Herrian, uztailean positibo bat eta gaur egun 87 daudela esan du. Azken hiru egunetan atzemandako 51 positiboetatik hamaikak elkarren artean harremanik ez dutela adierazi du, eta agerraldi bat baino, transmisio komunitarioa dela Gernikan gertatzen ari dena.