argia.eus
INPRIMATU
Gernikan 2020ko urriko azken astelehena, azoka barik COVID-19agatik
  • Koronabirusak hankaz gora eraman dituen jarduera ugarien artean, Gernikan urtero urriko azken astelehenean ospatzen den azoka famatua ere ezerezean gelditu da 2020an. Bizkaia osotik milaka jende erakartzen dituen feria bertan behera utzi du udalak, eta herritarrei egun seinalatuan bestelako elkarretaratzerik ez egiteko ere erregutu die.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 26a
(Argazkia: Gernika-Lumoko Udala)

Gernika-Lumoko udalak aginduta, gaur Gernikan ez da ireki Euskal Herriko azoken artean sona handiena daukan Gernikako azken urriko feria. COVID-19ak eragin du udalaren erabakia, azoka eta merkatuetako zinegotzi Iñaki Gorroñok adierazi duenez ekitaldi jendetsuak egiteko beharrezko baldintzak bete ezin direlako. Udalak aurretik bertan behera utzia zuen urriaren lehen asteleheneko azoka ere.

Duela 650 urte abian jarri zutenetik, oso gutxitan geratu da Gernika bere urriko azoka famatua egin gabe, tartean 1937an Francisco Francoren estatu kolpearen eta ondorengo gerra zibilaren eraginez. Baina urriko azken astelehena inguruetako baserrietako produktuak saldu eta erosteko aukeraz gain jai egun garrantzitsua ere bihurtu denez, Gernika-Lumoko udalak dei berezia egin die herritarrei ospakizunik antolatu ez dezaten, ohartaraziz segurtasun neurri guztiak "zorrotz" bete behar direla eta egun honetan festa egitea "aurten ez dela tokatzen".