Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko duela han, baina "promesa faltsuak" direla.
Inposatu nahi diguten Gernikaren aurrean gazteok kaleak hartu izenburupean, egun osoko egitaraua ospatu zuen Egurre Gazte Asanbladak larunbatean. Gaztetxe eta gazte asanbladan beharrizana mahai inguruarekin ekin zioten egunari, azken asteetan Euskal Herriko hainbat gaztetxe eta gazte asanbladek izandako gatazkak hizpide; hala nola, Burlatako Gazte Asanblada, Errekalde (Bilbo) auzoko Etxarri II gaztetxea eta Igorreko (Bizkaia) Kiñu gaztetxea. Ondoren, monologoa eta kontzertuak izan zituzten, eta horiek amaitutakoan iragarri zuten gaztetxe zaharra zegoen eraikina okupatu zutela.
Duela hamar urte baino gehiago itxi zuten eraikina, eta geroztik abandonatuta zegoela azaldu du asanbladak. Gainera, Udalak eraikinaren erabilerarekin lotuta egin dituen "promesa faltsuak" salatu dituzte, hiru legegintzaldi baino gehiago daramatzalako esanez liburutegi bat jarriko duela han. Espazio horri erabilera ematen hasiko direla adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Horretarako, jada hasi dira eraikina garbitzeko auzolanekin. Gainera, asanblada jendetsu bat egin dute igandean, eta apirilerako egitaraua ere argitaratu dute.
Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektua
Egurre Gazte Asanbladak ohar baten bidez azaldu duenez, gaztetxeak "herriko gazteen interesak" bermatzea eta Gernikan identifikatzen dituzten "hutsuneak" betetzea ditu helburu. Espazioari emango dioten erabileraren nondik norakoak ere aipatu dituzte ohar horretan: "Antolakuntza politikoa sustatzeko, aisialdia eta ekimen kulturalak antolatzeko eta kirola egitera bideratutako espazioa izateko".
Asanbladak azaldu du Busturialdean ez direla garai onak, eta horren harira instituzioek aurrera daramatzaten politikak seinalatu dituzte, horiek ez dituztelako "gazte langileen interesak ordezkatzen". Hortaz, "inposatu nahi dieten eskualde ereduari" ezetz esateko baliatu nahi dute gaztetxea.