Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz ez ditu bere gain hartu atentatu horiek, baina bere ideia politikoak ez ditu sekula isildu: antiinperialista suharra da. 1999az geroztik baldintzapean aske egon bazitekeen ere, sistematikoki errefusatu zaio aukera. Ostegun goizean jakin da albistea: uztailaren 25ean utziko dute libre eta zuzenean Libanora deportatuko dute.
Uztailaren 17an, Parisko Dei Auzitegiak baimendu dio Libanora itzultzea, bere jaioterrira, bertan bizi nahi duela adierazita. Epaitegiak adierazi du zigorra "neurrigabea" izan dela egotzitako delituekin alderatuta, eta 74 urte dituen presoa ez dela segurtasun publikorako mehatxua, Libération egunkarian irakur daitekeenez. Libanoko iparraldeko bere herrixkan azken egunak bakean igarotzeko asmoa azaldu du Abdallahek.
Hala ere, bere askatasuna ez da berehalakoa izango: 2024ko azaroan epaile batek bere aldeko erabakia hartu zuen arren, fiskaltza antiterroristak helegitea aurkeztu zuen. Gainera, Parisko Auzitegiak, nahiz eta printzipioz askatasunaren alde agertu, baldintza gisa jarri zuen biktimen kalte-ordainetan “ahalegin nabarmena” egitea. Abdallahek, bere burua preso politiko gisa jotzen duenez, beti uko egin dio horrelakorik onartzeari.
Georges Ibrahim Abdallah-ri buruz gehiago jakiteko, orain hilabete batzuk Jenofa Berhokoirigoinek idatzitako erreportajea eta bere abokatu Jean-Louis Chalanseti eginiko elkarrizketa eskura ditu irakurleak lotura horretan.