argia.eus
INPRIMATU
Gentrifikazioa, hitz potolo hori
  • Auzo historikoen zaharberritzeak, alokairuen igoera, bizilagunen ordezkapena, modako taberna eta denda cool-ak, tematizazioa; Bilboko San Francisco, Gasteizko alde zaharra, Bartzelonako Born… Gentrifikazioa terminoa entzuten dugunean badakigu gutxi-asko zertaz ari garen, eta gai izan ohi gara sintomak identifikatzeko.

Ander Gortazar Balerdi @derzu_uzala Unai Aldasoro @_Soro_ 2014ko apirilaren 23a
Indische buurt pre-gentrification. David Evers

Baina sintomak identifikatzeko gai izan arren, zaila da fenomenoa ulertzen hasteko abiapuntua topatzea. Neil Smith ikerlari eskoziarrak eman zuen, The New Urban Frontier: Gentrification and the Revanchist City liburuan, orain arte irakurri dudan definizio zehatzena:

“Gentrifikazioa lur eta etxebizitza merkatuen produktu estrukturala da”. Hala baita, behia ugaztun belarjalea den edo Blade Runner Ridley Scott-en film bat den modu berean.

Imaginatu auzo zaharkitu bat, utzia, etxebizitza merke eta errenta baxuko bizilagunez osatua. Ez dago negoziorako tarte handirik itxuraz, baina gainbehera puntu batera iristen denean, orduantxe, gentrifikazioa merkatuaren erantzun logikoa bihurtzen da: lehenago ez bezala, eraikinak merke erosi, zaharberritu eta salmentan jartzea inbertsio bikaina bilaka daiteke. Etekinak non, kapitala han. Ez dago buelta askoz gehiago emateko beharrik: ikuspuntu kapitalista batetik begiratuta logika osoa duen fenomeno normala da.

Hala, gentrifikazioa merkatuaren ondorio sistematiko gisa aztertzen denean –eta ez hainbat faktoreren batuketaren ondorio– aldatu egiten da fenomenoa ulertzeko gakoa. Argudio koiunturalak alboratu daitezke orduan, eta argudio estrukturalean sakondu. Behatzak ilargia seinalatzen duen modu berean, gentrifikazioak lur eta etxebizitza merkatua seinalatzen du, eta honek ezinbestean lur eta etxebizitza politika publikoa. Edo bere gabezia.