Kufiya palestinar zapia eramango du Jaizkibel konpainia berdinzaleko kide ugarik, Hondarribiko jaien egun nagusian, Palestinarekiko elkartasuna ikusarazteko. Jaiak eta politika ez nahasteko diotenen aldean, “jaiak ere badira justizia eta eskubideak adierazteko plaza bat”, gogoratu dio ARGIAri Jaizkibelek.
Jaizkibel konpainiako kideek zapi koloretsuarekin desfilatzen dute. Aurten, zapi koloretsua janzteaz gain kufiyarekin desfilatzera animatu ditu kideak Jaizkibelek. Zisjordaniako enpresa baten bidez lortutako palestinar zapiak salgai jarri dituzte eta bildutako diru guztia Gazara bideratuko dute. Irailaren 8ko desfile egunean bakarrik ez, aste honetako entsegu egunetan ere zapia eramatera animatu dute, eta hondarribiar guztiengana luzatu dute zapiak erosi eta jartzeko deialdia. Gernika-Palestina eta Etxara erakundeekin elkarlanean ari dira.
“Herriko jai nagusi eta jendetsuenetan aldarrikapen hau egiteari batez ere balio sinbolikoa ematen diogu, Palestinarekiko atxikimendua ikusarazteko, eta gogorarazteko jaiak ere badirela justizia eta eskubideak adierazteko plaza bat. Eta alde ekonomikoa ere azpimarratu nahi dugu, zapiekin aterako den diru guztia Gazara bidaliko dugulako”, kontatu digu Uxoa Anduagak, Jaizkibel konpainiako kideak.
"Gazako genozidioa, afera politikotik harago, giza eskubideei loturiko drama humano bat da, eta horren aurrean gure aletxoa jarri nahi izan dugu"
Jaiak eta politika ez nahasteko dioen mantraren aurrean, garbi dute Jaizkibelen: “Adierazpen kultural eta sozial bat diren heinean, guretzat jaiak beti dira politikoak, festak ezin ditugu bereizi politikoa den horretatik, ulertuta politikoa zentzurik zabalenean, ez alderdikerian”. Anduagak gehitu du aldarrikapenak ez diola “inongo alaitasunik kentzen jaiari, zentzu sakonagoa ematen dio, lotzen du solidaritatearekin eta kontzientzia kritikoarekin”. Are, “Gazako genozidioa, afera politikotik harago, giza eskubideei loturiko drama humano bat da, eta horren aurrean gure aletxoa jarri nahi izan dugu”.
Arrakasta handia
Ekimena izaten ari den arrakasta handiaren erakusgarri, salgai jarritako kufijak agortu egin zaizkie. Konpainiak jakinarazi du azken entsegu egunerako eta Alarde egunerako zapi gehiago eskuratu ahal izango dituztela. Dena den, zapi palestinarra beste bide batzuetatik lortu eta jaietan janztera deitu dituzte herritarrak.