argia.eus
INPRIMATU
Genevan, munduko bigarren hiririk aberatsenean, janaria jasotzeko ilarak dituzte
  • The Guardian egunkariak erakutsi du irudia: kilometro eta gehiagoko ilaran 1.000tik gora suitzar astebeteko janari errazioa jasotzeko zain. Ilarako erdiak egoera irregularrean daude Suitzan; gainerakoek paperak eskuratu berri dituzte, asiloa eskatu dute edo suitzarrak dira.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 10
"Arrotza nintzen eta ondo hartu ninduzuen" dio 2015eko irudi horrek. Ez dirudi atzerritar denak gauza bera esateko moduan direnik.

Patrick Wieland Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeko kidea da eta hilaren bukaerara iristeko larri dabiltzanentzat janari otarrak antolatzen ari da. Hark The Guardian egunkariari aitortu dioenez, Genevan, munduko hiri aberatsenetakoan, beti egon dira ekonomikoki larri bizi izan direnak, batik bat etxeko langileak, eta nekazaritzan, eraikuntzan eta hoteletan lanean ari direnak. COVID-19aren ondorioz, gauetik goizera lanik gabe gelditu direla dio Wielandek. Caritasek emandako datuaren arabera, Suitzak ia 8,6 milioi biztanle ditu eta 2018an 660.000 pobreak ziren.

Silvana Matromatteo Geneva Solidarity Caravaneko zuzendaria da. Suitzarrek osasun krisian ezagutu ahal izan dutenaz honela dio: “Batzuk negar egin dute eta hau beraien herrialdean gertatzea ezinezkoa dela adierazi dute. Baina hemen ari da gertatzen, agian COVID-19ak azaleratu du, eta hori ondo dago, zeren hala, neurriak hartu ahal izango ditugu langile hauek babesteko, izan ere, batez ere langileak dira”.