argia.eus
INPRIMATU
Azaroak 25
Genero indarkeria onartezina, tratu txar psikologikoak ez hainbeste
  • EAEko biztanleen %96k uste du onartezina dela gizon batek bere bikotekidea edo bikotekide ohia indarkeriaz tratatzea. Tratu txar psikologikoak larritzat dituzten biztanle portzentajea dezentez murritzagoa da.

ARGIA @argia 2015eko azaroaren 25
%77k uste du indarkeria ez dela desagertuko gizon eta emakumeen arteko desberdintasunek segitzen duten bitartean.

Azaroaren 25a Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Eguna dela probestuz, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak inkesta egin du azaroan. 2.000 lagun elkarrizketatu ditu, eta emakumeek gizonezko bikote eta bikote ohiengandik jasotako indarkeriaz galdetu diete.

Onartezina da

%90ak uste du emakumea indarkeriaz tratatzea onartezina dela eta zigortu egin behar dela beti. %6k dio onartezina dela, baina beti ez dela legez zigortu behar. %1ak baino gutxiagok dio onargarria dela. Indarkeria ez onartzean, Europar Batasunean, EAEk Espainia eta Grezia baino ez ditu aurretik.

Jotzea oso larria da, emakumea kontuan ez hartzea ez hainbeste

Indarkeria mota guztiak ez dira larritzat hartzen, ez behintzat portzentajeak ikusita. Hiru maila eginez gero honelakoa da sailkapena:

Inkestatuen %75 baino gehiagorentzat oso larriak diren indarkeriak:

Jotzea, %96.

Bere borondatearen aurka harreman sexualak izatera behartzea, %88.

Emakumearen irudiak, argazkiak, informazioa, hedatzea bere baimenik gabe, %80.

Mehatxatzea, %75.

Herritarren erdiak baino gehiagok uste du oso larria dela:

Sare sozialen eta mugikorren bidez kontrolatzea, %69.

Senide eta lagunekiko harremanak mugatzea, %63.

Janzteko modua kontrolatzea, %62.

Gauzak erabakitzen ez uztea, %60.

Erdia baino gutxiagok oso larritzat dituztenak:

Etengabe gauzak egiteko duen moduaz kexatzea, %47.

Iraintzea, %38.

Ardura edo jaramonik ez egitea, kontuan ez hartzea, %25.

Mito batzuk gero eta indar handiagoa dute

Alkohol eta droga abusua ekintza gehienen atzean dagoela galdetuta %62 oso ados edo ados dago. 2012an %50 zen portzentajea.

Eraso gehienak estres maila handia dagoenean edo kontrola une batez galtzen denean gertatzen dela uste du %61ak. 2012an %42k.

Salaketa faltsu asko dagoela uste du %39k, eta 2012an %25ak.

Etxean bortitza dena lanean eta lagunekin ere hala izango dela uste du %38k.

%27k dio atzerritarrak direla emakume biktima gehienak.

Ehuneko 14tik beherako zifrak dituzte ondoko iritzi eta mitoek:

Emakumeen jarrerak berak eragiten du bere aurkako indarkeria; klase pobreenetan gertatzen da; etxeko indarkeria kontu pribatua da; genero indarkeriak ez du gazteengan eraginik.