argia.eus
INPRIMATU
Genero-identitate diskriminazioak hauteskunde sindikaletan
  • ESK sindikatuak salatu du Araban bi aldiz gertatu dela hauteskunde sindikaletan langileen genero-identitatea errespetatu ez izana. Hauteskunde prozesuetako araudia aldatzea proposatu du, halako diskriminazioak gertatu ez daitezen.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2024ko urtarrilaren 26a
ESK sindikatuak askotariko genero-identitateak defendatzeko darabilen afixa.

2023ko abenduko hauteskunde sindikaletan gertatu ziren bi diskriminazio egoerak, eta ESK-k adierazi digunez, egun berean izan zuten bien berri. Ez dela kasualitatea uste dute.

Erroldan, izena eta generoa aldatu gabe

Lehenengo langileak salatu duenez, hauteskunde sindikaletako erroldan genero eta izen zaharrarekin agertu zen. Correos enpresan 600dik gora langile dira eta langile guztien eskura geratu ziren datu horiek. Errolda enpresak hauteskunde mahaiari helarazten dio, langileek zerrenda ikus dezaten. Errolda horretan, langile bakoitzaren hainbat datu jasotzen dira, besteak beste, izen-abizenak, jaiotze data, antzinatasuna eta sexua.

Mahaiko kideak akatsaz ohartu zirenez, sindikatuaren bidez, enpresari eskatu zioten langilearen izena eta generoa aldatzeko. Langile trans horrek erregistroan aldaketa guztia eginda dauka. Erantzunik jaso ez zutenez, arbitrajera jo zuten. Bitarte horretan, Correosek erantzuna eman zuen: akats informatikoa izan zela eta barkamena eskatu zuen. Datuak aldatzeko konpromisoa hartu zuen. ESK sindikatuari datuak berrituta bidali zizkioten, ez ordea, gainerako sindikatuei eta langileei. Sindikatuak langilearekin hitz egin du, eta hark adierazi dienez, ez da hanka-sartze bakarra izan. Nominan datu guztiak aldatuta ditu, eta aldiz, barne-lanetarako erabiltzen duten sareko plataforman izen eta genero zaharrak ageri dira oraindik.

ESK sindikatuaren ustez, “onartezina eta ulertezina” da gertatutakoa. Bi aldiz hanka sartu izana kritikatu du, eta “kontu gutxirekin” eta protokolorik gabe jokatu izana salatu. Sindikatuaren iritziz, “transfobia adibide bat da. Gure buruan ez da sartzen izena gaizki zegoela jakinarazi eta ez aldatzea”. ESK-k dio transfobiaren eta homofobiaren aurkako kanpainak egiten dituela Correosek, eta gutxienez, etxe barruan adibide izan beharko lukeela.

Enpresak galde diezaiola langileari haren generoaz

Hauteskunde sindikaletako araudiak 30 urtetik gora ditu, eta ESKren ustez, berritzeko garaia da. Legearen arabera, langile guztiek ikusten duten errolda horretan hainbat datu azaldu behar dira, baina zenbait urte dira hauteskunde askotan legea errespetatzen ez dela. Hau da, beharrezkoak ez direla uste duten datuak ez dituzte erroldan jartzen. Sindikatuak adierazi digunez, langile askori egiten dio begiko mina sexu-generoa erroldan agertzeak. Dena den, datu hori ez jartzea legez kanpokoa da.

ESKren eskuetara iritsi den beste langilearen kexuak dio galdetu gabe genero bat esleitu diola enpresak hauteskundeetako errolda egiterakoan. Langilea ez-bitarra da. Eskatu du aurrez galdetzeko berari, hots, ez dezatela generoa ondorioztatu izenetik. Adibide horretan, hauteskunde-mahaiak egoki jokatu zuela ondorioztatu du ESK-k, alegia, sexuaren datua mantendu zuen legeak hala eskatzen duelako. Horregatik, sindikatuak lege hori aldatzea eskatzen du. Proposatzen du gaiaren inguruko hausnarketa egitea eta pausoak ematea; gutxienez langileari galdetzea zein genero nahi duen, eta “ez bitarra” edo “ez dut erantzun nahi” aukerak ere gehitzea, hauteskunde-erroldan behintzat, ez delako beharrezkoa datu hori. Adibide honetan, enpresak bere akatsa onartu zuen, hau da, aurrez galdetu ez izana onartu zuen.

Sindikatuak Ikusgune, Gasteizko LGBTI+ fobiaren aurkako behatokiari jakinarazi dizkio bi gertakariak, espedienteak irekitzeko. Lan munduan berriz horrelakorik gerta ez dadin neurrien analisia egiteko eskatu dio.

Jendearentzat genero-sexu identitatea gai garrantzitsua dela eta langileek lan munduan bere identitatearekin gustura egon behar duela aldarrikatu du ESK-k.