argia.eus
INPRIMATU
Genero arauek talde lanetan eragin handia dutela egiaztatu du ikerketa batek
  • Emakundek igandean aurkeztutako ikerketaren arabera, identifikatu dute lantalde mistoetan emakumeek lan gehiago egiten dutela, eta autoexijentziaren ondorioz, inurri lan ezkutua egiten dutela taldearentzat. Era berean, jendaurrean hitz egiteko "legitimitate gutxiago" dutela sentitzen dute, eta gizonek, aldiz, "askatasun handiagoa" dute.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko apirilaren 25
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta ikerketaren egileetako bi, Patricia Martínez García eta Delicia Aguado Peláez aurkezpenean. Argazkia: Irekia.

Emakunde erakundeak igandean aurkeztu du "Genero desberdintasunak modu kooperatiboan argitu eta kudeatzeko hezkuntza arloko ikerketa ekintza" izeneko azterlana.

Azterketa bigarren hezkuntzaren eta unibertsitate hezkuntzaren esparruan egin da, eta ondorioztatu dute genero arauek eragin handia dutela geletako lantaldeetan ikasleek beren gain hartzen dituzten rol, denbora eta zereginetan.

Gizonek "askatasun handiagoa" dute

Identifikatu dute lantalde mistoetan emakumeek lan gehiago egiten dutela, nahiz eta talde batzuetan zereginak partekatuago egon: "Emakumeak dira normalean arduradunak apunteak hartu, materiala erosi, aurkezpenaren diseinua egin, dokumentazioa bildu, azken lana zuzendu eta azaltzeko orduan".

Azterlanak egiaztatu du genero arauek baldintzatu egiten dituztela ikasgeletan bizi diren eta esku hartzen duten pertsonen gaitasunak, itxaropenak, nahiak eta beharrak. Esaterako, auto exijentziaren genero arau femeninoak "eragin handia du" nesken artean: "Lan taldearentzat lan egiteko inurri rola hartu beharra dutela sentitzen dute, eta askotan sentitzen dute ez direla behar bezain onak edo ez daudela arlo publikoa okatzeko behar adina prestatuta".

Hortaz, ondorioztatu dute emakumezkoek publiko aurrean hitz egiten dutenean "gehiago prestatzen dutela", eta gizonezkoek, aldiz, "askatasun handiagoa" dutela arlo publikoa okupatzeko.

Berdintasunean aurrera egiteko proposamenak

Ikerketak kontrapuntu gisa nabarmendu du lankidetza lanek rol eta zeregin berdinzaleagoak "garatzeko eta bultzatzeko" eskaintzen duten aukera.

Hala, berdintasunean aurrera egiteko hainbat proposamen egin dituzte: "Genero ikuspegitik zereginen banaketan dagoen sexu banaketa identifikatzeko nork zer egiten duen adierazi eta aztertzea, ikasgelako lan orok berekin dakartzan lan guztiak ikusaraztea eta baloratzea, taldeetan afektibitatea eta esperientzia baloratzen duen hezkuntza espazio bat sortzea, eta hezkuntza espazioetan intersekzio tresna bat txertatzea ikasleen aniztasunari, beharrei eta interes heterogeneoei erreparatuta".