Euskal Herrian euskara "hainbatetan ukatua edo bigarren hizkuntza bezala tratatua" dela salatu du EHEk, eta egoera hobetzeko hizkuntza politiketan jauziak egitea ezinbestekoa dela adierazi du. Hori dela eta, elkarretaratzeak egingo ditu Maulen, Donapaleun eta Baionan, uztailaren 20an.
Euskara ukatua edo bigarren mailako hizkuntza gisa tratatua izatearen ondorioz, zortzi herritarretatik bakarrik batek euskaraz hitz egiten duela salatu du EHEk asteleheneko prentsaurrekoan. Euskara "larrialdi" egoeran dagoela azaldu du komunikatu batean, eta egoera hobetzeko hizkuntza politiketan jauziak egitea ezinbestekoa dela adierazi du. Kritikatu du Frantziako Gobernuak EEPri "diru ekarpen oso oso eskasa" egitea erabaki duela aurten, "euskara zapaltzen segitzen duela agerian utzita".
Horregatik, egun euskaraz aritzen ez diren Euskal Herriko "erakunde sozial, kultural, ekonomiko eta politiko" orori eskatzen die lehentasuna ematea: "Erran nahi baita bi jauzi egitea eskatzen diegula, lehenik euskaraz aritzea eta gehienik euskaraz aritzea". Horren adibide jarri dute Baionako Euskal Museoa, euskal kultura ezagutaraztea helburu duen museoak ez baitio euskarari lehentasuna ematen. Aurten museoak 100. urteurrena ospatuko du, gainera, Maulen eta Donapaleun "adarrak irekiko dituenez", hurrengo mendean, eta museoaren hedapenean euskarari lehentasuna ematea eskatu diote.
Euskararen egoeraren aurrean "euskara zapaldua dela salatzeko eta erakunde guztiek beren hizkuntza politiketan euskararen alde jauziak egin ditzatela eskatzeko", uztailaren 20an, 11:00etan hitzordua jarri dute eta euskaltzale guztiak gonbidatu dituzte bertara. Maulen (Ondarearen Etxe aurrean), Donapaleun (Herriko Etxe aurrean) eta Baionan (Euskal Museo aurrean) elkarretaratzeak egingo dituzte, eta jauziak dantzatuko dituzte; "bat berezia izango da, Zazpi Jauziak, kantatuz dantzatuko" dutelako.
Bat egin duten kultur arloko euskaltzaleak eta eragileak:
Ainize Madariaga, Allande Etxart, Amaiur Epher, Amets Arzallus, Anne Marie Lagarde, Doriane Billard, Ekhi Lambert, Galtxetaburu, Haira Aizpurua Ibargarai, Iulen Guiresse, Jean Claude Malharin, Joanes Etxebarria, Koldo Rodriguez, Maddi Zubeldia, Maia Iribarne Olhagarai, Maika Etxekopar, Manex Fuchs, Mattin Irigoien, Miren Artetxe Sarasola, Mirentxu eta Jean-Marie Oihanartia, Mixel Etxekopar, Nahia Etxeberri Lopepe, Odei Barroso, Pantxix Bidart, Patxi Iriart, Paxkal Irigoien, Peio Berterretxe, Txomin Urriza, Xan Berterretxe, Ximun Fuchs, Aldaka Gaztetxea (Amikuze), Artetxea (Isturitze), Baipelletenia (Larzabale), Baltsan Elkartea (Ziburu), Barnekaldeko Irakurleen Kluba (Oztibarre), Basaizea (Baigorri), Epaiska (Baiona), U14 eta Zabalik (Amikuze).